GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Nire osaba Mikel

Markel IRIZAR | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia

Kaixo osaba! Pentsatzen dut, orain dela hiru urte izan arren, gogoratuko duzula idatzi zenidan eskutitza. Orduan, amatxoren sabelean nengoen eta nire aitatxo 2006ko Vuelta lehiatzen ari zen. Amak ekografia zuen, eta aitak mutila ala neska izango nintzen jakin ahal izateko, taldeko masajistari deitu zion amatxok. Masajistak, hornidura puntuan, zortzi poltsa laranja eta urdin bat jarri zituen (arrosa kolorekoa ere prest zuen, neska banintz). Horrela jakin zuen nire aitatxok, bere lehen umea mutila izango zela.

Pasarte hori guztia kontatzeko, gutun bat idatzi zenidan, orduan egiten zenuen egunkari bateko zutabe batean. Nire aitatxo eta amatxori asko gustatu zitzaien gutun hura, eta nire gelan jarri didate panpinen artean.

3 urte luze pasa dira, eta egoera bestelakoa da orain. 2 urte eta 8 hilabete ditut, eta egunetik egunera gauza pila bat ikasten ari naiz, baina oraindik gauza asko ez ditut ulertzen. Zergatik orain hilabete gutxi denek txalotzen zintuzten, eta orain ezin duzu lasterketetan parte hartu? Zergatik ez zara joan nire aitatxorekin Vuelta lehiatzera? Horiek helduen gauzak dira, eta oraindik ni gazteegia naiz ulertzeko, baina nire aitatxok errugabea zarela esaten du.

Irteten dena irtenda ere, gertatzen dena gertatuta ere, helburu batekin esan diot nire aitari zuri eskutitz hau idazteko: garaipenean edo egoera zailetan, nik beti berdin ikusten zaitut. Aitatxok eta amatxok anai-arrebarik ez dutenez, zu osaba bezala hartzeko esan zenidan. Horregatik jakin ezazu, zu niretzat, edozeren gainetik, beti izango zarela nirea, nire osaba, nire osaba Mikel!

Besterik ez, asko maite zaitut! Bihotzez, Xabat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo