GARA > Idatzia > Kultura

Bost pertsonaia historikoren biografiak argitaratu ditu Txertoak, haurrei zuzenduta

p041_f01_097x125.jpg

GARA | DONOSTIA

Txertoa argitaletxeak «Nor da?» bildumako bost titulu berri aurkeztu zituen atzo; hots, bederatzi eta hamabi urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta, hainbat pertsonaia ospetsuren biografiek osatutako saileko bost argitalpen berri. «Darwin bidaiaria», zientzialariaren jaiotzaren bigarren mendeurrenari eta «Espezieen jatorria» liburuaren argitalpenaren 150. urtemugari erantzunez sortua; «Marco Polo abenturazalea», egun ere liluragarriak diren veneziarraren bidaietan oinarritua; «Mozart musikari txiki handia», inoiz izan den musikaririk bikainenetako baten biografia, Patxi Irurzunek idatzia; «Clara Campoamor», azken urteotan historiaren ilunpetatik ateratzen ari bada ere, Txertoak nahikoa pertsonaia ezaguntzat jotzen duen emakumea; eta «Lorca eta haren xarma», Federico Garcia Lorca idazle granadarraren historian oinarritua, tragedia baten sinboloa ere badelako.

Sail horretan aurkezten diren liburuak ez dira «biografia oso formalak», Martin Anso editore eta itzultzaileak azaldutakoari jarraituz: «Pertsonaiaren ibilbidea errepasatzen dute, laburtuta eta pertsonaia berezi egiten duten gertaeretan zentratuta». Ibilbide horretan, «hainbat ipuintxo eta istorio txirikordatzen dira, askotan, umore ukitu handiarekin, gainera», argitu zuen Ansok.

Liburu horiek irakurlearen adinaren arabera egokitutako testuak ere badituzte, eta eranskin gisa, ariketa entretenigarriak eta informazio osagarri bitxiak. Ariketok irakurketan zehar ikasitako hainbat gauza finkatzeko baliagarriak izan daitezkeela nabarmendu zuen editoreak, eta, batez ere, «liburuetan azaltzen diren gaietan sakontzen jarraitzeko pistak ematen ditugu, baita pertsonaiak bere testuinguru historikoan behar bezala kokatzeko informazio osagarria ere».

Bederatzi eta hamabi urte arteko haurrei begirako liburuak izanik, horientzako erakargarri izateari garrantzi handia eman diotela nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo