Emakumeek espetxean bizi duten egoerari buruzko antzezlana
Estatu frantseseko presondegietan %3,5 emakumeak dira. Kopurua txikia da, eta beraien bizi baldintzak, gutxitan dira aipatuak. Etxerat, OIP eta CDDHPB elkarteek hitzordua jarri dute, «Femmes de Parloir» antzezlanaren eta eztabaidaren bidez errealitate hori ezagutarazteko.
Ainize BUTRON | BAIONA
Emakumea eta presondegiak dira irailaren 26an Baionan ikusgai izango den «Femmes de Parloir» antzezlanean uztartzen diren gaiak. OIP (presondegien behatokia), CDDHPB (giza eskubideen elkartea) eta Etxerat elkarteek elkarlanean antolatu dute emanaldia, hain zuzen ere, «gutxitan» aipagai izaten den emakumeen errealitatea ezagutarazteko eta eztabaidatzeko helburuarekin. «Presondegiak ezberdinak dira emakumeentzako. Ez dute soilik askatasun murrizketa jasaten, badira beste hainbat alderdi ere», argitu zuen Jeanine Beyrie Etxerateko kideak. Estatu frantsesean emakumeen presondegi gutxi izanik, sakabanaketa are azkarkiago bizi zutela nabarmendu zuen.
«Estatu frantsesean emakumeak presoen %3,5 baizik ez dira. Kopurua txikia da, baina arlo anitzetan egoera larriak bizi dituzte», gaineratu zuen. Preso diren emakumeen egoeraz gain, emakumearen eta presondegiaren arteko loturak, oro har, azaltzen ditu antzezlanak. «Garrantzitsua da, behingoz, preso diren emakumeen errealitateaz hitz egitea, baina presoen bisitetan dauden emakume, ahizpa edo lagunez ere bai», gaineratu zuen Maite Echeverry OIPko Baionako arduradunak.
Azaldu zutenaren arabera, emakumeak espetxeratuak direnean, bikotekidearekin harremana gehienetan sei hilabeteren ondotik apurtzen da; gizonen presondegietan, nolanahi ere, bisiten %90 emakumezkoak izaten dira.
Mexikotik Parisera
«Femmes de parloir» obra Brigitte Patientek eta Helene Castelek antzezten dute. Bi emakume horiek bizitako esperientzian oinarritutako lana da. Helene Castel Mexikon espetxeratuta egon zen aldi batez, eta ondotik, Estatu frantseseko presondegi batera aldatu zuten. Esperientzia horren ondorioz liburu bat kaleratu zuen. «Bi herrialdeetako egoerak bizi ondoren, Estatu frantseseko presondegiek gizatasuna gutxien errespetatzen dutenak direla esaten du Castelek», nabarmendu zuen Beyrie Etxerateko kideak.
Brigitte Patient kazetaria da, eta Castel presondegian zegoela bisitara joaten zitzaion. «Femmes de parloir» antzezlana bi emazte horien arteko harremanetik sortu zen.
«Presondegietako mintzalekuak, mintzalekuak izateaz gain, bi munduen arteko muga dira, hots, barrukoa eta kanpokoa. Intimitaterik ez da. Izua eta gozotasuna elkartzen dira bertan. Eta bisita mugatu horietan, bizitzaren momentu azkarrak izaten dira», esan zuen Denise Arroyo CDDHPB elkarteko kideak. Hilaren 26an, antzerki emanaldiaren ondoren, eztabaidari egingo diote tartea. Gabi Muesca preso ohiak berak bizitakoari buruz hitz egingo du. Helene Castelek, gainera, bere liburua ere aurkeztuko du.
Brigitte Patient eta Helene Castelen lekukotasunekin batera, «Femmes de parloir» obrak idazleak presondegietaz idatzitako testuak biltzen ditu. Brigitte Syren zuzendaritza pean sortu da antzezlana.
Adin txikiko neskentzako presondegirik ez dago Estatu frantsesean. Jeanine Beyriek esan zuenez, gero eta gazte gehiago ikusten da presondegietan. «12 edo 13 urtekoak agertu dira azken bi urteotan».
Izenburuak: (1) «Darwin bidaiaria», (2) «Marco Polo abenturazalea», (3) «Mozart musikari txiki handia», (4) «Clara Campoamor», (5) «Lorca eta haren xarma».
Orrialde kopurua:
(1) 144, (2) 128, (3) 128, (4) 128, (5) 128.
Prezioa:
(1) 9.95, (2) 13.5, (3) 9.95, (4) 9.95, (5) 9.95.
Argitaletxea: Txertoa.
Bilduma: «Nor da?».
Urtea: 2009.