GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Ordiziako azoka berezia

«Zer krisi eta zer krisiondo!», 12.000 euroan saldu zen gazta erdia enkantean

Jende andana hurbildu zen Ordiziara askorentzat derrigorrezkoa den azoka berezia bisitatzera. Jakiak erosi bai, baita dastatu ere. Barazkiak, fruituak eta perretxikoak, hamaika aukera urdaila gozatzeko. dena dela, jendearen arreta bereziki enkantean 12.000 eurotan saldutako gazta erdiak eraman zuen.

p014_f05_111x111.jpg

Oihane LARRETXEA

Tren geltokiko ateak parez pare zabalik zeuden arren, ilara ederrak sortu ziren, denek lehen baino lehen gerturatu nahi baitzuten azokara, jakiak amaitu aurretik aukera zabalean lasai asko begiaz hautatutako hori erosteko.

Atzoko Euskal Jaietako Azoka Bereziak ez zuen hutsik egin, ezta zaleek ere. Goizeko hamaiketan jendez lepo, eta eskuetan hiruzpalau poltsa zuri zituzten bertaratutako gehienek. «Jendeak ez dio erosteari utzi, baina garai batean baino askoz beranduago egiten dute. Lehen, goizeko zortzietan erosketa eginda zegoen, eta orain eguerdirako uzten dute», adierazi zuen Patxo Atienza saltzaileak.

Eskola garaia hasia denez, haur eta gaztetxo gutxi zebilen; gehienak helduak eta nagusiak, produktu bat edo beste saltzaileari hatzaz seinalatuta eskatzen.

Asteazkenero izaten da Ordizian azoka Plaza Nagusian, eta bertan betiko postuak zeuden atzo ere ikusgai. Hori bai, egun berezirako mahaiak ondo zainduta eta jaki ikusgarriz beteta. Hala zihoen harrotasunez Edurne Jauregi saltzaileak: «Astero, uda eta negu, hemen izaten naiz orain dela 27 urtetik nire produktuak saltzen. Baina gaurkoa egun berezia da geuretzat, eta horregatik bereziki ondo zaintzen dut nire postua, itxura ederrena erakutsi behar du».

Lehen begirada batekin kolore biziek harrapatzen dute paretik igarotzen dena: berdea, gorria, laranja, zuria, horia...hamaika barazki eta hamaika kolore.

Aza eta porru artean Jauregik Udalaren eskutik jaso duen «aipamen berezia» ikus daiteke. «Nik ez dut parte hartzen, hona saltzera etortzen naiz, baina horregatik ez dut itxura gutxiago zaintzen, eta lana estimatzen dizutenean eskertzekoa da», dio pozik Jauregik.

Prezioak eta krisia

Onddo eta perretxikoek ere izan zuten beren lekua. Mahai gainean pilo handietan jarrita, behetik hartuz gero gainekoek erortzeko arriskua ikusten zuten. Parean onddoak bezainbeste bezero bildu ziren. Batzuek 100 gramo eta beste batzuek kilo osoa, bakoitzak ahal zuena erosi zuen.

Barazki nahiz gazta saltzaileek aipatu zutenez, ez dituzte prezioak aldatu. «Krisia leku guztietara heldu den arren, geuk bitartekaririk gabe egiten dugunez lan, salneurria geuk jartzen dugu, eta ez dugu ezer ez merkatu ez garestitu», zioen Joseba Intxausti Otatza baserriko gazta saltzaileak.

Atienza saltzailea ere ados agertu zen horrekin. «Gainera honen guztiaren atzean dagoen lana berbera da krisia egon edo ez egon».

«Produktu freskoak nahi dituenak, kalitatea gustuko duenak estimatzen du hau guztia, eta estimatzen duenak ez dio erosteari uzten, hori da betiko bezeroa», gaineratu du Edurne Jauregik.

Aipamen hauek egin bitartean adi entzuten zuen Justi Erauskin ordiziarrak. «Nik 91 urte ditut, eta oraindik hona etortzen naiz erosketa egitera, ez dut asteazken bakar batean ere huts egiten, eta ez diot inoiz utzi gaurko azokara etortzeari ere».

Jakiez gain, animaliak ere bazeuden atzo, eta, hain zuzen, idi, oilo edota behien inguruan bildu zen haur mordoa. Idiak ez, baina oiloak ukitzeko bai, eskuak tente luzatuta zituzten hauen lumak ukitzeko. «Oiloak oso animalia maitatuak dira», zioen Juani Aristik, Euskal Oilo elkarteko kideak.

Gazta, izarra

«Ze krisi eta ze krisiondo!» oihukatu zuen Elgoibarko Mausitxa gaztagileak. Irabazlea izango zela jakin aurretik egin zituen aipamen horiek azken gazta saltzen zuen bitartean.

Lehenago gaztaz josita zegoen postutxoak dagoeneko paretak biluzik zituen, eta bezeroak etengabe gerturatzen zirela, harridura aurpegiaz begiratzen zuten gaztak agortu zirela entzutean.

Bezero batek azken hiru gaztak gorde zituen poltsa batean, agortuak egoteagatik balio erantsia zutelakoan: «Hauek oparitarako dira, gaztarekin beti asmatzen da-eta!» zioen pozik. «122 gazta ekarri ditugu krisiaren beldurrez, harrera txikia izango zuten susmoaz, eta eguerdiko ordu batean ez dugu bat bera ere!», zioten Mausitxatik. Eta hori jendeak oraindik ez zekiela Gazta Lehiaketako irabazle izango zenarekin ari zela tratuan.

Eguneko une nagusia ordu bata inguruan iritsi zen, jendez lepo zegoen Beti Alai frontoiko Gazta Lehiaketako sari banaketa hain zuzen.

Bapo gozatzen epaimahaikideak ziren, gaztak eskuaz hartu, -hatzetan olioaren distira sumatzen zitzaiela-, labanaz xerra fina moztu eta barrura. «Hau gozamena, eta hau inbidia! Hauek badakite zer den ona!», esan zuen alboko gizonak.

Harmailetan bata bestearekin berriketan eta aurrean gertatzen ari zenaz hitz egiten, denek galdera bera zuten buruan: «Nork irabaziko ote du?».

Elgoibarko Musitxako gaztak eraman zuen azkenean garaipen estimatua etxera. Jesus Ansolak jaso zuen jada hirugarren aldiz etxeratu duen garaikurra eta horri esker Urrezko Gazta izendapen berezia jasoko du.

Irabazlearen izenaz gain, bazegoen, ordea, misterio handiagorik: «Zenbat dirutan salduko ote da gazta erdia krisi garai hauetan?».

Eskuak burura eramanez lehen ilaratan eseritako zale batek hala zioen: «Urte batean 12.100 eurotan saldu zen gazta zatia! Krisiarekin pentsaezina halako salneurria!». Oker zebilen. Markarik ez zen hautsi, baina gutxigatik. 12.000 eurotan erosi baitzuen gazta erdia Super Amara saltoki kateak. Minutu batzuk lehenago Mausitxakoak esan zuen legez: «Ze krisi eta ze krisiondo!».

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo