GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abertzaleak batzeko premia aldarrikatuko du Maltzagako herri-ekimenak Uztaritzen

Iaz Lizarra-Garaziko X. urtemugan egin bezala, aurten ere Maltzagako aldarriak «abertzaleen arteko elkarlanaren premia» nabarmendu nahi du. Larunbaterako, Uztaritzen, eztabaida eta ekitaldi politikoa antolatu du.

p011_f02_148x92.jpg

Arantxa MANTEROLA

Lizarra-Garazi hitzarmenaren XI. urtemugaren kari, Maltzagako herri-ekimenak «abertzaleek inoiz hausnarketa eta proposamen baten inguruan lortutako adostasunaren izpiritua» berritu nahi du. Helburu horrekin, larunbatean, Uztaritzeko Lapurdi aretoan, 10.30ean eztabaida batera gonbidatu ditu hitzarmenaren mamiarekin bat egin zuten edota egiten duten alderdi, eragile nahiz norbanakoak.

Horren ostean, 12.00etan, Lapurdiko herri sinbolikoaren udaletxe aitzinean ekitaldia egingo dute, «Euskal Herriko burujabetza aldarrikatzeko».

Hausnarketa egiteko garaia

Egun, «nazionalista espainolen eta frantsesen eraso larrien aurrean», indar abertzaleek «zatituta» segitzen dutelarik, hausnarketarako garaia dela esan zuen Patxi Azparren ekimenaren idazkariak, are eta gehiago «euskal gizartean orain hamar urte baino adostasun handiagoa dagoenean, herritarrei hitza emanez, eredu juridiko-politikoaren aldaketaren beharraz».

EAko zuzendaritzako kide Eva Arangurenek alderdiaren sostengua adierazi zuen, «Europaren baitan euskal errepublika sortzeko gure helburuarekin guztiz koherentea delako abertzaleen arteko elkarlana». Aralarreko Dani Maeztuk ere, «eragile abertzaleen indar-metaketa» ezinbestekotzat jo zuen «inor baztertu gabe, Maltzaga arteko bidea elkarrekin egiteko». ABren izenean berriz, Mertxe Colinak bat egin zuen deialdiarekin, «Lizarra-Garazi oroitzapen nostalgikoa baino eredutzat» hartu behar dela argi utzi ondoren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo