GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

«Egitarau anitzaren bidez estilo neoklasikoa defenditu nahi dut»

p047_01_148x162.jpg

Thierry Malandain

Maitaldia dantza jaialdiko zuzendari artistikoa

Thierry Malandain Ballet Biarrizko koreografoa da. Dantzaren mugimendu neoklasikoan kokatzen du bere burua. 2000. urtean Maitaldia jaialdiaren zuzendaritza artistikoa bere gain hartu, eta lau urtez eraman zuen. Garai hartan utzi arren, berriz itzultzea erabaki du aurten.

Ainize BUTRON | BIARRITZ

Thierry Malandain 2000. urtetik 2004. urtera Maitaldia jaialdiko zuzendaritza artistikoan aritu zen. Lan zama handia ematen ziola-eta, arlo hori uztea erabaki zuen. Bost urteren buruan, Maitaldia jaialdiarekin berriz ere lotura zuzena izango du Malandainek. Koreografoak itzulera lasaitasunez hartu duela azaldu zigun, eta jaialdiaren egungo oinarrizko norabideei jarraituko diela. Aurtengo XIX. edizioan, dantzaren munduko irudi zabal bat azalduz, «dantzaren indar bitalak» goraipatu nahi zituztela nabarmendu zuen.

Jaialdiaren zuzendaritza artistikoa zure gain hartu duzu berriz ere. Duela lau urte postu hori utzi zenuen, lan zama sobera zela esanez. Nola hartu duzu itzulera?

Lasaitasunez. Ez da lehen aldia, beraz, badakit zer egin behar den, eta nola egin. Biarritz Kultura Elkarteko langileekin hurbiletik lan egiten dugu. Aurreko aldiarekin alderatuz, bestelako ikuspegi batetik hartu dut zuzendaritza postua. Jaialdiaren antolatzaile garen neurrian, gutun kopuru izugarria iristen zaigu. Badakit zer den jaialdietan parte hartzeko eskaerak egiten ibiltzea; beraz, niretzat garrantzitsua zen gutun guztiei erantzutea. Horrek lan zama handia ematen zidan, eta aurreko aldian lanez leporaino ibiltzen nintzen. Oraingoan lasaiago hartzea erabaki dut.

Ba al duzu aldaketaren bat egiteko asmoa?

Jaialdiaren norabide nagusia finkatuta dago aspaldidanik: dantza mota guztien jaialdia izatea. Gaur egun jaialdi hau berezi izatea egiten duten kanpoko emanaldien eskaintza, nik egindako ekarpena da, 2000. urtean. Ez da deus aldatzekorik, jaialdiaren formula ona baita. Egitarauaren lehen helburua lekuko ikusleak erakartzea da, eta, aldi berean, jaialdia Estatu frantsesean aipatua izatea. Eta lortzen dugu.

Aurkezpenean, jaialdiaren eta inkisizioaren garaiaren arteko lotura egin zenuen...

Luzaroan esan izan da jendea zoratzen zuen arte bat dela dantza. Duela hirurogei urte, Biarritzen Madarikatuen jaialdi bat izan zen, eta bertan «Zoratuen dantza» ikusgarria aurkeztu zuten. Aurten, inkisizioaren 500. urteurrena ospatzen ari direla-eta, omenaldi bat egin nahi izan diet bi gertakari horiei. Dantzan ausardia izatea da garrantzitsuena.

Jaialdia hamar egunera murriztu da; ongi deritzozu horri?

Bai. Askoz hobeki. Egun bakarrean bi ikuskizun ikusteko aukera dakar horrek. Kanpotik datozen ikusleek aukera gehiago dute.

Egitaraua anitza da. Baina, ateak zabaltzeko nahiko ikuskizun berezia aukeratu duzu, hau da, txoriekin dantza bat...

Ohiz kanpokoa iruditu zait txoriekin dantzan aritzea. Konpainiak hiru egun hartu ditu ikusgarria aitzin Biarritzera etortzeko, txoriak lekura egokitu daitezen. Sinbolo polita iruditu zait Maitaldia horrekin hastea. Eta ziurrenik, ikusleak erakarriko ditu. Halere, egitarauaren aldetik, neoklasikoaren korronteak ardatz nagusia izaten jarraitzen du. Konpainia oso ezberdinak programatu ditugu, munduan zehar neoklasikoa lantzeko hainbat era baitira. Estilo hori anitza da. Ikustera eman nahi dugu. Gainera, nik neuk, artista gisa aukeratu dudan familia da.

Neoklasikoaren estiloa oraindik ere defenditu beharra duzu?

Ikusleen aldetik ez, baina, instituzioei dagokionez bai. Egitarauaren bidez, dantza mota horretan munduan zehar dauden sortzaileak ikusteko eta ezagutzeko aukera dago. Estatu frantsesean gisa horretako jaialdi bakarra da Biarrizkoa. Dantza mota hori ezagutaraztearekin batera, beste jaialdien aldean, bereizgarri bat ematen digu.

Malandainen jaialdia bilakatuko al da geroan?

Ez. Egitarauaren barnean denetarik dago. Badira oso gogoko ditudan ikuskizunak, eta beste batzuk, berriz, garrantzitsua da azaltzea, ikusleek berrikuntzak ikus ditzaten. Ikusleei zuzenduriko jaialdia da, eta, ez nire gustuen araberakoa. Baina, ikusgarrietan ageri den aniztasun horren bidez neoklasiko korrontea defenditzea dut helburu.

Lortuko al duzu ikuskizunetan izatea ?

Guztiak ikustera joango naiz.

Ausardia

«Luzaroan esan izan da jendea zoratzen zuen arte bat dela dantza. Dantzan, ausardia izatea da garrantzitsuena»

Itzulera

«Lasaitasunez hartu dut zuzendari artistikoaren postua. Jaialdiaren norabide nagusiak finkatuta daude, hau da, dantza mota guztiak hartuko dituen jaialdia izatea»

Hamar egun, dantzaren munduan murgiltzeko

Maitaldia dantza jaialdiak gaur zabalduko ditu ateak Biarrizko Kasinoan, Le Guetteur-Luc Petton et Cie taldearekin. Ondotik, arratseko bederatzietan Wiesbadeneko balletak «Das Auge der Welt» ikuskizuna emanen du Gare du Midin. Ondotik, egunez egun, animazio ugari izanen da bai kalean, bai Biarrizko aretoetan. Danimarkako Ansk danse teater, Suediako Ballet Royal, Cie. Nederlands dans theater 1, Kukai taldea edota Gaztela eta Leon eskualdeko Corella Ballet preziatzen ahalko dira hamar egunotan.

Halere, gaueko ikuskizun nagusiekin batera, Biarritzek hamar egunez dantzaren munduan murgiltzeko aukera emanen du. Egunero, eguerdian, saio publikoak izanen dira Gare du Midi aretoko parkean. Eta, jaialdiak beteko dituen bi igandetan, hondartzan Gigabarre deitu animazioa eginen dute. Koreografo baten laguntzarekin, bertara inguratzen den herritar orok dantzarien barran ariketak egiteko aukera izanen du.

Dantzaren gaiaren inguruko erakusketa eta hitzaldiak izanen dituzte astean zehar: «Les écritures du mouvement» erakusketa, esate baterako.A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo