GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Izarren hautsa, egun batean...

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Aurtengo iasturtea hasi zaigu eta Realak ehun urte betetzearekin batera, Kontxako Banderaren finala ere, datorren igandean izango dugu. Milaka pertsona bilduko dituen emozioz beteriko estropada izango delakoan naiz, Kaiku eta Castroren arteko borroka latza izango baita. Eta ikasturte hasierarekin batera, antzerkia ere gogor datorkigu, izan ere, Lleidako FiraTàrrega bertan dugu. Hilaren 10etik 13ra bitartean mundu osoko laurogei bat ikuskizun ikusteko aukera izango baitu Katalunia ingurura gerturatu nahi duenak. Eta Euskal Herriak ere izango du bere tartea, Euskal Teatroaren izenean, lau talde euskaldun izango baitira aurtengoan. Hala nola, Ttukunak txalapartariak, Ados Teatroaren «Emotikon» ikuskizuna, Blanca Arrietaren «Chalada» lanaren estreinaldia eta amaitzeko, Turukutupá taldearen «Rezikletas». Urtero bezala, lau egunetan zehar, hizkuntza anitz biltzen dituen programazio bizia izango da bertan eta ez hori bakarrik, baita antzerkia maite dutenentzat sekulako giroaz gozatzeko aukera ere. Izan ere, feria, festa eta festibala dira festibalaren hiru ardatz nagusiak.

Eta festei buruz ari naizela, bihar hasiko dira Egiako Porrontxo jaiak. Hilaren 20ra arte iraungo dute aurten eta antzerkiari dagokionez, Trapu Zaharraren «Vaya ganga» azken lana ikusteko aukera izango dugu hilaren 19an. Eta noski, hilaren 18tik 26ra bitartera, Donostiako 57. Zinemaldia izango dugu. Krisia dela-eta, aurten egun bat gutxiago iraungo badu ere, izar handiak izango ditugu geure hirian eta nobedaderik ere badugu aurten, izan ere, hemendik aurrera, euskal zinemak bere sail propioa izango baitu, Zinemira izenekoa, hain zuzen ere. Bertan Euskal Herrian eginiko bederatzi film ikusteko aukera izango dugu aurten, hala nola Patxo Telleria eta Aitor Mazok zuzenduriko «La máquina de pintar nubes», Josu Martinezen «Itsasoaren alaba», Arkaitz Basterraren «Life and film», Andrea Olabarriaren «Rough Winds», Gorka Gamarraren «Umurage», Juan Miguel Gutierrezen «Zuzendu, mesedez!», Roberto Castonen «Ander», Fermin Muguruza eta Javier Corcueraren «Checkpoint rock» eta Aizpea Goenagaren «Sukalde kontuak».

Baina ez hori bakarrik, izan ere, urteko euskal film laburrik onenak biltzen dituen Kimuak 2009 katalogo berria ere proiektatuko dute. Eta hilaren 23an, Imanol Uribek Zinemira saria jasoko du Viktoria Eugenian ospatuko den Euskal Zinemaren galan. Baina Zinemiraz harago, euskal zinemagintzak badu Zinemaldian bere lekua, izan ere, Zabaltegi atalean Jabi Elortegik zuzenduriko «Zorion Perfektua», eta «Ori» koprodukzio euskal-georgiarra izango baitira, eta sail ofizialean berriz, Alvaro Pastorrek eta Antonio Naharrok zuzenduriko «Yo también» lana.

Antza denez, euskal zinemagintza ari da poliki-poliki bere lekua egiten, ea euskal antzerkigintzarekin gauza bera gertatzen den. Eta itxaropenez beteriko desio honekin batera, aurtengo Kontxako Banderaren irabazlearen zain geratuko gara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo