Oskorri eta «The Pub Ibiltaria» banda sinfonikoentzako prest
Hamahiru disko kaleratu ondoren, bide berri bati ekingo dio Oskorri eta bere «The Pub Ibiltaria» egitasmoak. Horretarako, orain arte osatu duten 226 abestiko errepertorioaren partiturak banda bateko instrumentu guztiek jotzeko moduan moldatu dituzte.
Ane ARRUTI | BILBO
Santo Tomas eguneko hitzordu bilakatu da azken hamahiru urteotan Bilboko Areatzan Oskorrik emandako kontzertua. «The Pub Ibiltaria» deituriko ikuskizunean, «kontzertu demokratikoa» osatu dute musika tresna bat jo, kantatzea gustuko izan edo, besterik gabe, bertako giroaz gozatzera hurbildu diren guztiekin. Honen emaitza, 226 kantuz osatutako eta hamahiru diskotan bildutako errepertorioa izan da. «Bilduma luzea sortu dugu, hasieran uste ez genuen material polita topatu dugulako, nahiz eta gure aukeraketa irizpidea nahikoa estua izan», azaldu zuen atzo Natxo de Felipek, Oskorri taldeko gidariak.
Ziklo hori bukatu da, ordea, «lastima da, tradizio moduko bat finkatu baita, baina ezin genuen artxibotik tiraka jarraitu eta orain arteko kalitate maila mantendu», esan zuen de Felipek. Azken diskoa kaleratu ostean, Gasteizko bandaren gonbidapena jaso zuten eurekin kontzertu bat eskaintzeko, eta Angel Brizen egokitzapenekin egin zuten sinfonikorako jauzia. Orain, kantutegi zabala finkatuta dutelarik, banda, fanfarre eta musika eskoletako instrumentu guztiei ireki nahi diete atea. «Konponketa errazak baina duinak» eginez, materiala guztien eskuetara heltzea da euren helburua.
Hamazazpi kantuk osatuko dute ibilbide berri honetan lehenengo lana izango dena, horien artean «Haurrak ikasazue», «Maiteak galde egin zautan», «Haurtxo txikia» edo «Ikusi mendizaleak» topa ditzakegu. Haize zein soka instrumentuentzat moldatuak izan dira: flauta, oboe, klarinete, saxo, tronpeta, tronpa, tronboi, fliskorno, bonbardino, tuba, xilofono, perkusio, biolin, biola, txelo, kontrabaxu, akordeoi eta txisturako, hain zuzen. De Feliperen esanetan, «milaka haur eta gazte ari dira instrumentu bat jotzen eta horientzako material egokia izan daiteke». Modu honetara Euskal Herriko txoko gehiagotara heldu nahi dute, «gehienbat Bizkaira mugatu baikara orain arte». Nafarroan errotuta dagoen banda eta fanfarre tradizioa azpimarratu zuen de Felipek, «harreman oso ona izan dugu eta bide honetatik, gure arteko ezagutzan eta hartu-emanetan sakontzea espero dugu».
Beste urtetan bezala grabatuko ez bada ere, aurtengo santotomasetako ferian Bilbon izango dira berriro ere. «Bertan parte hartu nahi duten guztiek ondo prestatu eta entseatzeko denbora izan dezaten», aste honetan bertan hasiko dira materiala bidaltzen. «Nahi duten banda, koru, fanfarre eta musika eskola guztiei CD bana bidaliko zaie, kantuen maketa, instrumentu guztientzako partitura osoak eta kantuen letrak dituztela». Abenduko kontzertuaz gain, maiatzean herriz herri ibiliko da aurten ere Oskorri taldea.