GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Inazio Agirre Arregi Ezker abertzaleko kidea

Erreferentea

Remik, euskara ezpainetan, Villabonatik etengabe aurre egin zion espainiera eta frantsesa inposatzeko jarrera inperialistari; egunero ahalegindu zen hizkuntz politika berri baten neurri berreskuratzaileak eraikitzen

Remi Ayestaranen bihotz handia leherrarazi dute Ertzaintzaren jarrerak eta errepresio politikak, oporretan geundela. Ezker abertzaleak goraipatu du Villabonako alkateorde zenaren konpromisoa eta ekarpen militantea; gertuko adiskideek nabarmendu dute zeinen maitagarria zen; Egibar jeltzaleak «saltsa askotan» sartuta zebilela. Horietako batean ezagutu nuen Villabonan.

Oker ez banago, Euskara eta Hizkuntza Minorizatuen Astea zen. Remik gauzak garbi zituen. Euskal herritar batentzat erdaraz bizitzea kontraesana da; denbora igarota, kontrakotasuna; euskararen jardun eza eta isiltze soziala behartzen dituelako... Jarrera irekiaz hartu behar ditugu beste kulturetatik gurera datozen eraginak eta, bereziki, Euskal Herrira lan egitera etorri direnenak... Guztien ekarpen onuragarriak integratzea euskal nortasuna aberasteko; nork bere erara, baina euskal kultura denok elkarrekin eraiki behar dugu bilakaera dinamiko batean... Eta ikuspegi horretan, euskarak ardatza izan behar du, funtsezko ezaugarria; geure baitatik euskaraz sortutako kultura bizkor hori, Euskal Herrian eta munduan eman eta zabaltzeko.

Euskara ez baita galtzen euskaldunok horrela nahi dugulako, Espainiaren eta Frantziaren eragin kaltegarriak saihesteko eta hizkuntza nazional gisa eraikitzeko estaturik ez dugulako baizik. Testuinguru horrek erakusten du, hain zuzen ere, estatu ahalmenak izatearen garrantzia. Nafarroako euskal estatua armazko egintza bidez galduta eta alboko bi estatu horien mendeko, Euskal Herria egoera okerragoan aurkitzen baita dituen erronkei aurre egiteko eta, bere biztanleen eta bere hizkuntzaren interesak defendatzeko.

Nazio komunitate batean estatuek hizkuntza bat sartzen dutenean, hizkuntz gatazka eragin, nazio hizkuntza galarazi eta hizkuntz arrotza nagusi bihurtzen dute. Euskal Herrian, euskara galdu ez den lurralde eta jardunetan, galdu ordean irauten du egoera minorizatuan; euskaldunak erdaldunduta, nagusi dira jatorrizko euskara galdu dutenak eta ez dakiten etorkinak; espainiera hegoaldean eta frantsesa iparraldean hizkuntza hegemonikoak dira. Estatu bitartekoak dituzte eta Bidasoan muga, elkarri ez erasotzeko.

Euskararena baizik ez den eremuan sartuta, espainierak eta frantsesak eskualde osoak, lan-jardun sozialak eta kideak lapurtzen dizkiote euskararen nazioari, desegiteraino. Ezin zurituzkoa da, beraz, bi hizkuntza horien iraunkortasuna Euskal Herriko bizitza sozial eta publikoan. Euskarak premia larria du espazio politikoa, soziala, ideologiko eta instituzionala irabazteko Euskal Herri osoan, botere egoeran kokatu arte. Bortxaz kendutakoa berreskuratzeko, kohesio soziala indartzeko eta garenak izateko -euskaldunak eta Euskal Herria-. Horrela, gure herriaren eta munduko kulturen aniztasuna ere bermatzeko.

Euskararen egungo ingurunea ez baita iraunkorra eta mendeko hizkuntz politiken neurri aringarriak ahulak baitira Euskal Herri euskaldunaren berreskuratze osoa lortzeko; PSOE nahiz EAJ Jaurlaritzan egon. Estatuek beren hizkuntza inbaditzaileak bertakotu ostean -euskal elebidunok erdaldunez inguraturik eta euskararen jardun soziofuntzionalak bi erdarek harturik-, gure nazio hizkuntzaren ondoriozko gainbehera gerta baitaiteke estatuen bultzada behar izan gabe. Hau da, lehen bortxaz lortutakoa, orain «tolerantzia demokratikoaz» iraunaraztea. Horixe da euskararen egoera minorizatuaren larria.

Jarrera zapaltzaile horren aurrean, Remi gazteak erakutsi digu bidea. Euskara ezpainetan, Villabonatik etengabe aurre egin zion espainiera eta frantsesa inposatzeko jarrera inperialistari; uneoro ahalegindu zen Euskal Herri euskalduna berrosatzen, egunero hizkuntza politika berri baten neurri berreskuratzaileak eraikitzen. Remi erreferentea da Euskal Herriko ezkertiar, abertzale eta demokrata guztiontzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo