Euskal ekonomia okerretik okerrera
Europar Batzordeak atzo iragarri zuenez, Europar Batasuna krisialditik ateratzen hasi da. Aurrerantzean barne produktu gordinak gora egitea espero dute, ekonomiaren ahultasuna oraindik nabarmena den arren. Iragarpen hori momentuz ezin da ziurtatu, baina Europako ekonomia handien artean Estatu espainolak du aurreikuspenik ilunena, bertan atzeraldiak iraun egingo baitu. Europako Batzordeak esan gabe ere, Hego Euskal Herriko ekonomiaren datuek ez dute krisialdiaren bukaerarik sumatzeko moduko daturik eskaintzen. BPGk %3,6 behera egin du urtebetean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta 3,2 Nafarroan, eta Hego Euskal Herrian galdutako enplegua errekor berria iristeko bidean da. Lakuak, oro har gobernu guztiek behin eta berriz egin ohi duten bezala, BPGren aurreikuspena aldatu duela iragarri zuen atzo; hartara, BPGren jaitsiera aurreikusitako %2,4koa izan beharrean, %3koa izango dela esan zuen Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu Carlos Aguirrek. Aguirreren beraren arabera, hirugarren hiruhilekoa «okerragoa izango da». Zapateroren Gobernuari, arrazoiz, politika ekonomiko argirik ez izatea leporatzen zaio, eta beste horrenbeste esan daiteke Lakuakoari buruz, horrek Madrilgoa kopiatu besterik ez baitu egiten. Eta larriena ez da kopiatzea, politika ez eraginkorrak kopiatzea baizik.