Maider Eizmendi Kazetaria
Mezu ankerrentzat txertorik ez
Azken egun hauetan, hain justu, ez gehiegi, herriko jaietako zurrunbiloak apenas utzi baitit denbora ikusteko, baina onartu beharra daukat etxera bueltan gehiegi pentsarazten ez duten programa leloak erreparo handirik gabe ikusten ditudala. Behin bekatua onartuta, ordea, atzokoan Josebe Egiak telebistaz eta honek estereotipoak indartzeko duen indarraz egindako hausnarketarekin bat nator bete-betean; telebista pizteak askotan pena ematen du eta zenbaitetan pena baino gehiago beldurra, mezuak zuzenak direlako baina era sotilean iritsarazten dituztelako, eta perfume gogorren antzera sarkor irauten dutelako.
Bikoteak bilatzeko programekin daude tematuta azken boladan, arrakasta dutelako, antza. Batzuetan baserritar edota ganaduzaleak dira «etxekoandre» bila doazenak; beste katean gustukoak eta gustuko ez diren neskak botoi bat zanpatuaz aukeratzen dituzte mutilek; hurrengoan, berriz, dendetako erakusleihoetako produktuen antzera «saltzen» dira neska gazteak, armairu tamainako mutilak nork aukeratuko borrokan...
Egia da horiek ikustea edo ez aukeran dagoela, eta telebistaren panorama ikusita, gurasoak direla ikus daitekeena eta ez daitekeena zehazteko ardura izan behar dutenak, baina non dira herritarren osasunaz horrenbesteko ardura agertzen duten agintariak hauetako programa bat hasi aurretik euren arriskuaz ohartarazten duten mezuak jartzeko edota zuzenean gisa horretako estereotipoak helarazten dituzten programen aurrean neurriak hartzeko? Bai, egia da A gripea dela-eta lanpetuta dabiltzala azken bolada honetan. Horregatik «erridikuluak» ere gerta daitezkeen neurriak hartzen ari dira, mediku askok urteroko gripea baino arinagoa ere gerta daitekeela esan arren. Eta prebentzioan jardutea ezin da kritikatu.
Aldean, ordea, adituek askotan komunikabideen bitartez helarazten diren estereotipoen kalteez ohartarazi badute ere, itsu eta gor agertu dira eta hori utzikeria da; gaztetxoek jasotzen dituzten mezuok dira pankarta baten atzean jarri eta salatuko dituzten eraso sexisten oinarri. Honetan ordea, prebentzioan jardutea eta txertoak ematea ez da nonbait «errentagarri».