NBEk kargu hartu dio Parisi, hizkuntz eskubideak bermatzen ez dituelako
Hirugarrengoz hiru urteotan, Nazio Batuen Erakundeak belarriak berotu dizkio Gobernu frantsesari, ez dituelako betetzen herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko berretsi dituen itunak.
Arantxa MANTEROLA |
Nazio Batuen Erakundea berriro zuzendu zaio Gobernu frantsesari -oraingoan Haurren Eskubideen Batzordetik- herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko gomendioak eginez. Ez da Parisek antzeko oharpideak jasotzen dituen lehen aldia. Izan ere, azken hiru urteotan, beste batzorde eta instantzietatik gogorarazi baitiote ez dituela ofizialki berretsitako itunak betetzen.
Haurren Eskubideen Itunaren jarraipena egiten duen batzordea izan da Estatu frantsesaren jarrera gaitzetsi berri duena, eta gutxiengoetako kide diren umeekiko duen jarrera aldatzeko eskatu dio. Gomendio hauek, maiatzean, Batzordearen Genevako bilkuran Behatokiak egindako azalpenen haritik datoz, orduan Paul Bilbaok argi utzi baitzuen lehendik ere egin izan dizkioten oharpideak ez dituela kontuan hartu Parisek.
Itunaren 30. artikuluari Estatu frantsesak egindako erreserba kentzeko eskatu diote zehazki Parisi, 2004an Haurren Eskubideen Batzordeak ez ezik, 2008an Gutxiengo Aferetarako Adituak eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak ere egindako eskaera berbera.
Ez da gutxiengorik
Artikulu horrek gutxiengo etniko, erlijioso edota linguistikoetako umeek bere kultura, erlijioa edo hizkuntza erabiltzeko eskubidea dutela aitortzen du. Parisek, ordea, Errepublikan «gutxiengorik ez dagoela» eta bertako hizkuntza frantsesa dela argudiatuta, artikulua «aplika ezina» zela ebatzi zuen. Nabarmentzekoa da, Ituna berretsi zuten 140 herrialdeetatik, soilik beste bik -Turkia eta Oman- egin dutela erreserba berbera.
Paul Bilbaok adierazi du Gobernu frantsesak «bere buruaz lotsatuta» egon beharko lukeela gomendioak hainbat alditan jaso ondoren, betetzeari «muzin egiten jarraitzen duelako». Behatokiko zuzendariaren ustez, «pozteko arrazoiak badira, berriro ere agerian geratu delako Estatu frantsesaren jarrera baina, aldi berean, kezkatzeko elementuak ere baditugu, gomendioak betetzeko inolako borondaterik erakusten ez duelako».