GARA > Idatzia > Mundua

Gerrateen aurka ager daitezela eskatu die Bin Ladenek estatubatuarrei

Al-Qaedako buru den Osama Bin Ladenek mezu bat plazaratu zuen atzo, AEBetako biztanleak Etxe Zuria presionatzera deituz, Gobernuak Irak eta Afganistanen aurkako gerrak bertan behera utz ditzan eskatzeko. Trukean, Al-Qaedaren erasoen etena agindu du.

GARA

Irailaren 11ko atentatuen 8. urteurrenetik egun gutxi batzuk igaro direnean, Osama Bin Ladenek mezu bat igorri zien estatubatuar guztiei. Soinu grabazio horren bidez, herritarrei dei egin zien Gobernuaren gainean presioa egitera, honek Afganistan eta Iraken aurkako gudak bertan behera utz ditzan. Kasu horretan Al-Qaedak erasoak geldituko lituzkeela ohartarazi du erakundeko buruak.

As-Sahab webgunearen bidez kaleratutako mezuan, Etxe Zuriari igorri zion deia, gerrei amaiera eman diezaien; hala gertatu ezean, beraien aurkako «ahularazte gerrarekin» jarraituko lukeela ohartarazi zuen erakunde musulmanak: «Gure esku dauden fronte guztiak erabiliko ditugu».

Irailaren 11ko atentatuen urteurrenaren bueltan adierazpenak egin ohi ditu Bin Ladenek, baina aurtengoan, ohi ez bezala, ez ditu aipatu erasoak burutu zituzten hemeretzi lagunak.

Gainera, adierazpenen doinuan ere suma zitekeen aldaketarik; izan ere, aurrekoetan nabari zen mehatxu kutsuaren ordez, Dorre Bikien aurkako ekintzak justifikatu zituen. Horren harira adierazi zuenez, «beste injustizia batzuen artean, Ameriketako Estatu Batuek Israeli emandako babesak» zeresan handia izan zuen.

Presio taldeak

Al-Qaedaren buruak, era berean, Israeli babesa ematearen kontrako jarrera agertzera deitu zituen estatubatuarrak.

Adierazi zuenez, Afganistan eta Irakeko gerrak ez zituzten militante islamistek eragin, Israelen aldeko presio talde eta enpresarien interesen aldekoek baizik.

Ildo horretatik, Etxe Zuria zenbait presio talderen «gatibu» dela azaldu zuen, eta horien artetik «presio talde judua» nabarmendu zuen.

Horregatik gaineratu zuen AEBei iritsi zaiela «beldurretik, neokontserbadoreen eta juduen presio taldeetatik» askatzeko garaia, eta segurtasun propioa ala israeldarren segurtasuna, zer duten nahiago galdetu zien.

«Euren segurtasunaren aldeko hautua egin, eta gerrak gelditzen badituzte, gu prest gaude modu positiboan erantzuteko», azaldu zuen Bin Ladenek.

«Irtenbide bila»

Atzoko mezuan, Bin Ladenek «gizon ahul eta jazarriaren» itxura zuela adierazi zuen hainbat informazio agentziak, analisten hitzak aipatzen zituzten irakurketak plazaratzean.

Era berean, Washingtongo Gobernuaren iturriek azaldu zutenez, Bin Ladenen mezu horren baitan ez zuten atentatu baten mehatxurik aurkitu.

biziarteko zigorra

Ozeano Atlantikoan hainbat hegazkin leherrarazteko plana zuten hiru islamiarri biziarteko zigorra ezarri zieten atzo Londresen. Fiskaltzaren arabera, 3 lagunek lehergai likidoak erabiltzeko asmoa zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo