GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Orain dela 14 urteko hasiera bikaina errepikatu dute bilbotarrek

Ligako emaitzek indarra eman beharko liekete Europan hasteko

Nahiz eta Ligan oso ondo hasi, gauzak hobetu beharko dituzte zuri-gorriek, ostegunean, Europa Leagueko debutean Vienako Austriaren aurka jokatzeko.

GARA | BILBO

Jokalari zuri-gorriek zalantza ugarirekin hasi zuten aurtengo Liga, denboraldiaurrean eta Europa Leagueko bi kanporaketetan erakutsitako joko kaxkarra zela-eta. Hala eta guztiz ere, 2009-10 denboraldiko lehen bi jardunaldietako norgehiagokek sailkapeneko laugarren postuan kokatu dute Athletic, Bartzelonarekin, Real Madrilekin eta Valentziarekin batera sei punturekin berdinduta.

Hamalau urte pasa behar izan dira talde bilbotarra egoera honetan berriro ikusteko. 1995-96 denboraldian, 4-0 irabazi zion Santanderreko Racingi eta 1-2ko emaitza positiboa lortu zuen bigarren jardunaldian Real Madrilen aurka.

Gainera, aipatzekoa da ere Espanyolen eta Xerezen aurkako neurketetan talde bizkaitarrak ez duela golik jaso. Hala ere, Aitor Ociok adierazi zuenez, «badakigu mailarik gorenean ez gaudela, gauza asko hobetu behar ditugula. Horietako bat jasotzen ditugun golen kontua da, iaz asko jaso baikenuen». Kasu honetan, honelako emaitza ona ikusteko 1988-89 denboraldira jo beharko genuke. Urte horretan 3-0 irabazi zion Sevillari eta 0-1 Atleticori lehen bi jardunaldietan.

Bestalde, badirudi Fernando Llorente aurrelaria bere jokorik onena berreskuratzen ari dela, eta Iker Muniain 16 urteko jokalaria, zelaian dagoen une orotan bere mailarik onena eskaintzen dabil, bere gaztetasuna eta esperientzia falta ahaztaraziz. Hala ere, Oscar de Marcosek ezin izango du datozen asteetan jokatu, Egipton egitekoa den 20 urtez azpiko Munduko Txapelketa jokatzera joango baita.

Gauzak horrela, orain arte Ligan lortutako emaitza onak indarra eman beharko lieke jokalari zuri-gorriei ostegunean Vienako Austriaren aurka jokatu behar duten Europa Leagueko partidarako.

Neurketa honek, gainera, errebantxa usaina du, 2004-05 denboraldian UEFAtik kanpo geratu baitzen Athletic austriarren eskutik. Joaneko neurketan golik gabeko berdinketarekin itzuli ziren bilbotarrak etxera, baina San Mamesen 1-2 galdu zuten, Ernesto Valverde entrenatzailearen garaiari amaiera emanez.

Hortik aurrera, Athleticek beherakada nabarmena izan du azken urteetan. Lehen Mailatik jaisteko arriskuan ere egon da taldea, baina iazko Kopako finalak indarra eman zien berriro bizkaitarrei, aurten hiru txapelketa jokatzera behartuz -Liga, Kopa eta Europa League-. Oraingoz, nahiz eta Bartzelonaren aurka Superkopa galdu, nota onarekin hasi dute aurtengo denboraldi gogorra.

Iraolaren 250. partida

Egoera positibo honez gain, beste gauza batengatik ere pozik egon behar duena Andoni Iraola da, ostegunean 250. partida jokatuko baitu Athleticekin.

Usurbildarrak 2003ko abuztuaren 30ean egin zuen debuta Bartzelonaren aurkakoan. Geroztik, Vicente del Bosquek bi aldiz deitu du selekzio espainolarekin jokatzeko, eta 208 partida jokatu ditu Ligan, 27 Kopan, 12 Europan eta 2 Superkopan.

Alegazioak aurkeztuko dituzte Monrealengatik

Osasunak alegazioak aurkeztuko ditu Lehiaketa Batzordearen aurrean, Teneriferen aurkako neurketan Nacho Monreal talde iruindarraren hegalak jasotako bi txartel horiak ondorenik gabe utz dezatela eskatzeko. Izan ere, jokalariak berak aipatu zuenez, zigortzekoak ez ziren bi falta izan ziren -bigarren txartela eskuarekin baloia ukitu zuelako erakutsi zion epaileak-.

Halaber, talde nafarrak Javad Nekounam iraniarrak jasotako txartel gorriarekin gauza bera egin lezaketela adierazi zuen, erdilariak berak adierazi zuenez, eta epailearen aktan idatzitakoak kontrakoa badio ere, berak ez ziolako aurkari bati aurpegian jo, baizik eta helduta zegoenez, askatu nahi izan zuen.

Osasuna jokaldiak hobeto erakusten dituen bideoaren zain dago, orain arte daudenak ez baitute ezer argitzen.

Bestalde, Roman Martinez Tenerifeko erdilariak atzo oraindik ere Nekounamek jo egin ziola defenditzen zuen, eta gaineratu zuen ez zekiela zergatik erreakzionatu zuen iraniarrak horrela.GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo