«Superman»ak?
Amets TXURRUKA | Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia
Behin azken ziaboga eginda, azken txanpan sartu gara txirrindulariok Espainiako itzuli honetan. Guk ere taldean Kaiku esnea edaten dugu, baina ez dakit Kontxan lortu duten moduko emaitzarik lortzeko gai izango garen. Andaluziako asteburu gogorraren ondoren, lasterketa mugitzen gabiltza egunero eta oraingoz bagoaz pixkanaka goraka. Oraingoz podiumaren kaxoi baten gainera igo dugu Samuel, eta saiatuko gara beste bi mailatxo gora egiten laguntzen.
Azken aste honetan indarrez murriztuta gaudela nabaria da. Goizean ohetik jaiki eta gosarian buffet ederrak ikusi arren, mahai gainean dugun pasta platera barrura sartzea gero eta gehiago kostatzen zaigu, nahiz eta jakin hanka zuztarrak energiaz betetzeko beharrezkoa dela. Mendiko etapa hauek faktura pasa digute eta hala ikusi ahal izan dugu Sierra Nevada eta Panderako etapetan. Helmuga pasata, lurrean etzanda mareaturik, zaletuei bultza egiteko eskatzen, beraiek «dame un bote» eskatzen zutena baino ozenago, kontrol denboratik kanpo iritsi zen 55eko taldea... «Denoi gertatu zaigu noizbait berandu iritsi izana», idatzi zidan Sustrai lagunak Tourrean kontrolez kanpo iritsi eta etxera bueltatu behar izan nuenean; baina oraingoan 55 laguni gertatu zaienez, berreskuratu egin behar izan ditugu, tropelari forma emateko bada ere!
Gaurkoan, lehen ordu eta erdian, ikaragarria izan da zer lehia eta eraso festa izan dugun, 70 kilometro pasa egin ditugu ordu eta erdi baino gutxiagoan! Aurrekoan esan bezala, antzarak lez lepoa luze-luze eginda nindoala, pentsakor jarri, eta bi ondorio posible aurkitu ditut: edo neu naiz ahul dagoena eta honetarako balio ez duena, edo «Superman» asko dago tropel honetan.
Hau bururatzeaz bat hamabi laguneko taldetxo batek aurrera egin du eta tropela guztiz geratu da, akituta, su-eten bat eskatuz. Aurrera joan direnak, sailkapenean ordubete baino gehiago galduak eta mendiko etapak lasai samar pasatakoak. Tropelak, gehiago ezin, eta 25 minutuko tarteaz helmugaratzen utzi die etapa hau indar apurren bat errekuperatzeko baliatuz. Beraz, KO nago, baina besteak ere ez dira «supermanak»!
Egoera honetan, porru eginda, sentikor jarri ohi gara eta edozerk eragiten digu normalean baino gehiago. Atzo hoteleko balkoitxoan jarri eta gau-giro ederrean luzaro aritu ginen gelakideok elkarren bizi gorabeherak kontatuz. Pena eta pozak, pasatakoak eta etorkizunerako planak, sentimenduak eta minak... denetik hitz egin genuen, baina konpondu ezer gutxi eta oraindik ere gure hilabeteko oportxo horietako pla-plin-plan bat ere zehaztu gabe jarraitzen dugu! Gainera, neuk neure burua baino hobeto ezagutzen nauen ahotxo batetik entzun behar izan dut, azken zutabeetan ere energia falta sumatzen dela. Gaurkoan ere ez zait ba «Superzutaberik» atera! Errekuperatuko naiz eta domekarako etorriko natzaizue indartsuago, zin degizuet!