BEREZKOAK
Sorhuet-Dermit eta Alfaro-Ezkurra sailkatu dira Sarako Torneoko finalera
Sorhuet-Dermit eta Alfaro-Ezkurra II.a izango dira bihar 18.30etik aitzinera Sarako trinketean jokatuko den torneoko finalean. Udako azkeneko lehiaketa handia izaten da Sarakoa, bertako festekin batera, eta final dotorea geratu zaie. Atzo jokatu ziren bi finalerdiak eta norgehiagokak ezberdinak izan ziren. Lehenengoa polita eta estua izan bazen ere, bigarrenak ez zuen kolorerik izan. Hasierakoan, Sorhuet eta Dermit gailendu ziren 40-37 Waltariren eta Jannotsen aurka. Norgehiagoka ederra izan zen, lau pilotariek eman zuten maila bikaina, baina Waltari eta Jannots nahikoa akituta heldu ziren amaierara, eta hortxe erabaki zen finalerdia. Bigarrengoan, aldea handia izan zen. Alfaro eta Ezkurra 40 eta 16 nagusitu ziren Bielleren eta Harizmendiren aurka. Gakoa atzean egon zen, Paxkal Ezkurrak bere mailarik onena eman baitzuen atzokoan, eta Thierry Harizmendik horren aurrean ezer gutxi egin ahal izan zuen.