GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier SILVEIRA I Bertsolaria

Txistuak

Bertsolari Txapelketaren aurkezpenean bertso munduko bi pertsona antolakuntzarako diru gehien ematen duten erakundeetako bost ordezkariz inguraturik zeuden

Xalbadorren txistuek orain berriki izan duten sona mediatikoak eta bere egunean izan zuten oihartzunak apenas dute zerikusirik. Orduan ez zituen hainbertze laudorio jaso orain heroitzat dugun hark. Jende aunitz mindu daiteke aurrez mindutako norbaitek hitza hartzen duenean; baina ez dut uste inor mintzeko asmo soilarekin hartzen duenik aurrez mindutako inork hitza. Gehienbat, badakielako mintzea zer den. Har dezadan, bada.

Euskal Herriko Txapelketa Nagusia 2009 aurkeztu berri da komunikabideetara eta, jakina, lehentasunetako bat oihartzun mediatikoa duen ekintza edo lehiaketa baten inguruan aitzakiarik gabe eman genezake gure iritzia jendaurrean, nik uste. Are gehiago, parte hartzaile izan edo entzule izatera mugatzearen arteko zalantza hain handia denean. Barrutik eta kanpotik une berean ikusteko gaitasunetik oso hurbil jartzen gaituen zalantza, portzierto. Baina egia da atzo egunkarietan argitara eman ziren argazkiak kanpotik begiratu nituela gehiago barrutik baino, edo agian ez, ez dakit. Baina ez nituen ulertzen. Zer egiten zuten Iñaki Murua lehendakariak eta San Sebastian jaunak hainbeste politikariren artean? Nork sartu ote zituen enbajada hartan? Argazkiek, ordea, beti izaten dute -prentsan- mila hitzek baino gehiagok balio omen duten irudi ulertezinei zentzua ematen dien hitz sorta bat. Eta horrela hasi nintzen dena ulertzen.

Txapelketaren aurkezpenean bertso munduko bi pertsona zeuden antolakuntzarako diru gehien ematen duten erakundeen bost ordezkariz inguraturik. Bizkaiko Foru Aldundia, Vital Kutxa, Kutxa, BBK eta Euskalteleko ordezkariak. Esan bezala, denak politikariak. Baina politikariak izateaz gain -Miguel Sanz falta zen Caja Navarraren izenean-, politikariak izateaz gain, diot, Euskal Herrian izan diren lapur handienetako batzuk edo batzuen ordezkari. Josune Aristondo anderea, lehenengoa, Ondarroako Udal usurpatzaileko burua, Euskal Herrian ematen den egoera antidemokratikoaren isla argiena.

Askotan bertsolaritza politizatu izanaz entzun direnak eta gero, aurten, presoei maitasuna bertsoz adierazteak ekar ditzakeen zigorren zurrumurruak gure buruen gainean hegan dabiltzan honetan, uste dut akats bat egin dugula emakume hau txapelketarekin nahasten. Vital Kutxa, BBK, Kutxa... Nortzuk izan dira krisialdi ekonomikora ekarri gaituztenak? Nork lapurtzen dio euskal herritarrari dirua -eta bizitza- modu eta momentu guztietan? Banketxeek. Eta hauek banketxeak dira. Baina banketxeak izateaz gain, alderdi politikoen menpe dauden banketxeak dira, interes politikoetara erabat makurtuak daudenak, beraz. Eta Euskaltelez, zer esanik ez. Uste dut ez dugula asmatu, ez dugula asmatzen. Hauek ez dute dirua dohainik ematen, ez eta diru truk ere, enpresa pribatuek egingo luketen bezala. Eta gauzak hasi eta bukatu berdintsu egiten dutenez, sariak banatzera lapur berberak etorriko dira, eta txistuak entzungo dira. Eta gainera txistuak ez direla zilegi erranen dugu? Agian txistuak guk merezi ditugu, txalo pilatzaileok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo