Armadak 80 zibil baino gehiago hil ditu Yemengo iparraldean, airezko erasoan
Yemengo Armadak, aldez aurretik jakinarazi gabe, errefuxiatu xiiten kanpamentu inprobisatu bati eraso egin zion atzo. 80 lagun baino gehiago hil ziren, eta 40 zauritu, lekukoek adierazitakoaren arabera.GARA |
«Odol bainua». Hitz horiekin azaldu zuten lekukoek Yemengo indar armatuek burututako airezko bonbardaketa, gutxienez 80 zibil hil zituena -gehienak emakumeak eta haurrak- eta 40 bat lagun zauritu zituena.
Lekukoek adierazitakoaren arabera, aldez aurretik jakinarazi gabe egin zuten militarrek uhartearen iparraldean dagoen errefuxiatu xiiten kanpamentu horren aurkako erasoa.
2004. urtetik Estatuaren aurka gatazkan dagoen zaidita xiiten matxino taldeak «boterean dauden borreroek burututako hilketa berria» izan dela salatu zuen.
Yemengo Gobernuak eta Armadak gai honen inguruan adierazpenak egiteari uko egin zioten. France Press informazio agentziak aipatutako iturri ofizial batek, hildakoen kopurua baieztatu ez, eta «hegazkinak herritarren artean ezkutaturik zeuden matxinoak apuntatu» zituela besterik ez zuen jakinarazi.
Lekukoen bertsioa
Lekukoek azaldutakoaren eta bertsio ofizialaren artean baina, alde handia dago.
«Dagoeneko 87 hildako zenbatu ditugu eta 40 lagun ospitalera eramanak izan dira», xehatu zuen lekuko batek.
Testiguek aitortu zutenez, plastikoz eta beste hondakin batzuez eraikitako kanpamentu inprobisatua zen erasoaren jomuga.
Hala, hegazkinetako batek eskola batetik hurbil, kanpamentuaren aurka jaurtigai bat bota zuela gaineratu zuten lekukoek.
«Bizirik atera zirenek babes bila ihes egin bitartean, beste hegazkin bat hurbildu eta bonbardatu egin zituen. Odol bainu izugarria izan da», azaldu zuen lekukoetako batek. Gainera, errefuxiatuak «ihes egiteko aukerarik gabe gelditu dira», jarraitu zuen.
Matxinoek bidalitako ohar baten arabera, Abdel Malik al-Huti buruzagiaren izena aipatzen duena, «erasoa eguerdian burutu zuten eta hamarka pertsona hil ziren». Mezu horretan, gorpuak hamarka metrotan zehar sakabanatuta gelditu direla zehazten zuten.
Yemengo Gobernuak, bestalde, zibilak «giza ezkutu» gisa erabili izana egotzi zien matxinatu zaidita xiitei.
«Terroristek, pistolak erabilita, zibilak kokatu egiten dituzte haien atzean ostentzeko», aipatu zuen iturririk zehazten ez zuen aginteko alderdiaren webguneak, Defentsa Ministerioak bere oharrak plazaratzeko erabili ohi duenak.
Erasoaldiaren aurreko egunetan, al-Hutiren gidaritzapeko matxinatuek «baldintzarik gabeko su-eten bat egiteko asmoa» agertu zuten NBEko idazkari nagusi Ban Ki-mooni zuzendutako eskutitz baten bitartez.
Sanako Gobernuak, hala ere, sei baldintza eskatzen ditu, tartean matxinoek armak uztea.
Armadaren ekintzaren inguruan Human Rights Watch (HRW) erakundeak ere hainbat adierazpen egin zituen.
Erasoa argitzeko, giza eskubideen aldeko taldeak ikerketa egin dadin eskatu zuen, «berehala eta alderdikeriarik gabe».
Era berean, New Yorken egoitza duen erakundeak, gatazka honetako alde guztiei dei egin zien, zibilei eraso egitea debekatzen duten nazioarteko legeak onar ditzaten.
150.000 errefuxiatu
Nazio Batuen Erakundearen arabera, 2004tik 150.000 lagunek ihes egin behar izan dute babes bila, horietatik 55.000 abuztuaren 11ko erasoaren ondoren.
Horren harira, NBEk eta Gurutze Gorriaren nazioarteko batzordeak eskatu zuten gatazkak kaltetutakoei «ahalik eta azkarren» giza laguntza helarazteko korridore bat antolatzeko.
Yemengo presidente Ali Abdala Salahk «Irango sektore batzuen babesa» izatea egozten die matxinatuei, eta iman zaidita batek zuzendutako administrazio bat berrezarri nahi izatea leporatzen die.
Abuztuaren 11n Estatuaren eta matxinoen arteko «seigarren guda» hasi zenetik izandako eraso bortitzena da atzokoa. Hiriburutik 240 kilometro iparraldera dagoen Saada eskualdean jazo zen bonbardaketa.