«Musika-norabidea aurreko bera izan arren, abestiek bide desberdinak dituzte»
Heavy metal klasikoak eta thrash musikak topo egiten duten eremu horretan sortua da Elbereth taldea. Hamarkada bateko eskarmentua oholtzetan, egun gurean egiten den musika metaleroaren erakusle argiak dira. «Arima pizturik dirau» da taldearen azken diskoa, sua itzali ez den seinale.
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
Elbereth taldearen historia 90eko hamarkada amaieran hasi zen, heavy metal musika gustuko zuten hainbat musikarik talde bat osatzeko bat egin zutenean. Lehen entseguak, lehen kantuak, eta lehen kontzertuak eman eta gero, taldeak etenaldi bat egin zuen, eta 2003an abiatu zen taldearen bigarren aroa. Garai horretan, taldekide berriak direla medio, Elbereth norabide berria hartu zuen, gaur egungo taldera iritsi artean. 2007an ikusi zuen argia taldearen lehen diskoak, «Gaueko Ilargia», eta bi urte geroago, berriz, «Arimak pizturik dirau» lanak, biak ala biak, Ortots Burdin Hotsak zigiluaren babesean.
Taldeak urte luzeko ibilbidea izan arren, 2007an atera zuen lehen diskoa. Zer nolako oroitzapenak dituzue lan horretaz.
Zapore gozoa, dudarik gabe. Aurkezpenetik hasi eta azkeneko kontzerturaino momentu gozoak besterik ez ditugu izan. Diskoak izan zuen harrera uste baino hobea izan zen, bai entzuleen bai komunikabideen aldetik. Egia esan, azken bi urteak primerakoak izan dira guretzat.
Disko berri honetan, berriz, lehen diskoko musika eraginei eutsi diezue. Metal klasikoa eta thrash ukituak... Nagusiki hor dago taldearen bidea.
Disko berria, «Gaueko Ilargia»ren aldean, apur bat gogorragoa dela uste dugu, baten batek «thrasheroagoa» dela esan du. Beti esan dugu gure bizkarrezurra heavy metala dela. Hala ere, disko hau nahiko desberdina da aurrekoaren alboan, nahiz eta jatorri berbera izan, abestiek bide desberdinak jarraitzen dituzte. Gure gustuak berberak dira, talde berriak ezagutu ditugu, baina funtsean musika bera gustatzen zaigu.
Lan berrian hainbat musika talderen eraginak badira, baina agian ez dira aurreko diskoan bezain nabariak. Taldearen berezko soinua topatu duzue ala bidea luzea da oraindik.
Egia da hasierako urteetan eraginak gehiago nabarmentzen zirela. Talde gehienen lehen diskoetan eraginak beti nabariagoak dira ondorengo diskoetan baino. Hala ere, zer da soinu propioa izatea? Zer da hori? Edozein musika estilotako taldeetan azken helburua gustuko abestiak egitea dela. Beti izango duzu talde bat norekin parekatu.
Elbereth taldeari nortasuna ematen diona, hiru gitarren joko hori da. Diskoan nabaria da gitarren presentzia, baino zuzeneko emanaldietan nabarmentzen dira nagusiki.
Taldean hiru gitarra izateak, melodiak lantzeko unean jokoa ematen du, eta diozun bezala, batez ere zuzenekoetan nabarmentzen da. Disko baten grabaketan nahi adina gitarra pista sar daitezke. Guk, ordea, hiru eraman ditzakegu zuzenekoetara. Kontzertuetan gitarra batek bidea marrazten du, eta beste biekin melodia ezberdinak lantzen ditugu, azken emaitza aberasteko.
Disko berria grabatzeko Nafarroako MAV estudioetara jo duzue; metal musikan adituak diren estudio eta teknikarien esku utzi duzue grabaketa. Musika eraren ezagutzak lagunduko du soinu zehatz bat aurkitzen, musikariak eta teknikariak elkar ulertzen.
Denon artean akordio batera iritsi ginen. Guk genuen ideia eman genion, eta guztion artean adostu genituen grabaketaren ñabardura guztiak: gitarren soinua, bateriarena, baxuarena, ahotsak... Miguel Aizpunek sekulako esperientzia dauka musika mundu honetan, eta bere laguntza garrantzitsua izan da. Besteak beste, Koma taldearekin lan egin du, eta zuzenekoetan (nahiz eta orain alde hori utzia izan) ere lan handia egina du. Koma taldearen «Sakeo» diskoa asko gustatu zitzaigun, baina, hala ere, esan behar dugu bere nortasunak bereganatu gintuela. Zentzu horretan, gure bi diskoak grabatzeko zorte handia izan dugula aipatu behar dugu, sekulako teknikariak izan baititugu alboan.
Diskoak dituen ñabarduren artean, biolinen ukitu berezia aipa genezake. Zuen aurreko diskoan ere sartu zenituzten. Noizbait zuzenekoetara eramatea pentsatu duzue.
Kontzertu berezietan izan ditugu gure alboan, batez ere Legazpi inguruko emanaldietan. Hala ere, ezin ditugu kontzertu guztietan izan. Oso gustukoa dugu biolinaren eta gure musikaren arteko emaitza.
Disko kontzeptual baten aurrean gaudela esan daiteke. Abesti bakoitzaren hitzek sentimendu bat adierazten dute, disko guztia gai horren inguruan dabilelarik. Hitzetan norabide bat markatu izanak lagundu du testuak errazago egiten.
Atzekoz aurrera hasten ditugu batzuetan gauzak. Hau da, kamiseten diseinua diskoan pentsatzen hasi aurretik egin genuen. Diseinua ikusi ondoren, sentimenduen gaia jorratu ahal genuela pentsatu genuen, eta horrela hasi ginen hitzak lantzen. Abesti bakoitzak sentimendu bati buruz hitz egiten du, eta nahiz eta gaiak desberdinak izan, diskoa "kontzeptuala" da sentimenduen alde horretatik. Testuetan laguntza paregabea izan dugu Eneko gure lehenengo bateria-jotzailearen eskutik eta zenbait lagunen hitzekin ere.
Euskal Herrian metal musika osasuntsu dagoela argi dago. Badira betiko talde handiak, SuTaGar kasu, baina bidea irekitzen ari zareten banda asko ere bai, Mendeku Itxua edota, zergatik ez, Elbereth.
Aurten Ortots diskoetxeak atera dituen hiru diskoak ikusi besterik ez dago. Alde batetik, Kudai taldea: kalitate nabarmeneko metal industriala. Bestetik, Mendeku Itxua: 2009an euskal heavyaren erakusle nagusietako bat eta, azkenik, gu, Elbereth; Beno, ba, gu! Kar, kar, kar. Heavy musika eginez gero, ez da erraza jaialdi handietan parte hartzea edota komunikabide batzuetan ateratzea. Irratiak, «irrati-formulak» jarraitzen dituzte eta komunikabide «handietan» pop-rocka ez den musika erarik ez dute ikusi nahi ... Hala ere, jarraitzaileak inon baino sutsuagoak dira eta horrek mantentzen du eszena bizirik. Badago eszena bat eta badira talde interesgarri eta kalitatezkoak. Lastima, mugimendu hori gehiago ez bultzatzea.
Atzerriko edo estatuko aldizkari espezializatuetan badu sonarik Euskal Herrian egiten den metal musikak ala horra iristeko ere zailtasunak dira?
Estatu espainiarreko hainbat aldizkaritan atera ohi dira euskal taldeak. Gu geu, «Gaueko Ilargiarekin» heavy munduko bi aldizkari garrantzitsuenetan izan genuen disko kritika (uste baino hobea). Zaila da, hizkuntzak ateak ixten ditu, baina Berri Txarrak taldearen pausoak aztertu besterik ez dago euskaraz kanpora ateratzea posible dela jakiteko. Internazionalki badaude zenbait adibide, non ingelesez abestu gabe sekulako sona izan duten; Rammstein taldea esateko. Bere jarraitzaileen artean mundu mailan %20k soilik jakingo du zehazki zer dioten bere letretan, baino beraien musikak mugiarazten du gainerako ehuneko 80a.
Disko berri bat, bira berri bat... erronka berriak badira taldearentzat.
Erronka garrantzitsuena talde bezala aurrera egiten jarraitzea da. Musikak elkartzen dituen bost laguneko taldea da gurea. Hau bizirik mantentzea da eguneroko erronka. Gainerako guztia, etorriko da, etorri behar badu.
Elbereth taldearen bigarren lanari indarra dario bazter guztietatik. Aurreko diskoaren musika ildoa jarraitzen duten arren, proposamena indartu egin dute iraupen luzeko disko honetan. Heavy klasikoa eta trash musika taldearen bizkarrezurra dira oraindik ere, baina ñabardurak ere badira legazpiarren kantu berrietan. Produkzio ederra duen diskoa da «Arimak pizturik dirau», non gitarren presentzia edota base erritmikoaren sendotasunak bide ematen dion gero eta oldarkorragoa den kantatzeko moduari. Hitzetan, berriz, hamaika sentimendu bildu dituzte 45 minutuetan, hamaika bizipen eta sentsazio, akorde eta melodia bakoitzean. Hainbat musikariren parte hartzea ere bada lan berrian: ahotsetan, Koma-ko Brigik eta Kalean taldeko Abelek parte hartu dute diskoan; euskal metal eszenako bi dinosauro handien ahotsek kolorea ematen diete kantuei. Xamar hirukoaren biolin ukituen gozotasunak, berriz, talka egiten dute gitarren aurka, ekaitza eta barealdia irudikatuz. K. O.