Top 14
Garaipena lortzeko premia handiz jokatuko du Avironek Montpellierren aurka
Jon LEUNDA |
Montpellier hartuko du gaur Avironek, 20.30etik aurrera, Jean Dauguer estadioan. Zuri-urdinek zaurituta amaitu zuten Biarritzen aurkako derbia. Ondoko herrikoen aurka galtzeak min handia egiten du, eta egindako jokoak ere ez zien pozik egoteko arrazoi handirik eman zaleei.
«Egia esan, oso partida kaskarra egin genuen. Denboraldian zehar oso itxura ona eman dugu, baina Biarritzen aurkakoa ez zen gure eguna izan. Lehen zati nahiko ona egin genuen, baina bigarrenean ez genuen gure maila eman. Horrelakoak gertatu egiten dira, eta orain burua altxatu, eta Montpellier menderatzea besterik ez zaigu geratzen», esan zuen Richard Dourthek, taldeko zuzendari teknikoak.
Puntuen premia
Avironek puntuak lortzeko premia handia du, sailkapeneko beheko postuetan baitabil, nahiz eta denboraldi hasieran bestelako asmoak zituen. Montpellier puntu bat aurretik dute, eta haiek garaituta, gora egingo dute. Sei jardunaldi jokatu dira orain arte. Hauetatik bi besterik ez ditu jokatu etxean talde zuri-urdinak, eta biak irabazi egin ditu; bietan itxura bikaina emanez, gainera.
Jokalariei dagokienez, Pepito Elhorgaren hutsunea izango da nabarmenena. Joan den larunbatean min hartu zuen Taeleren sarrera itsusi baten ostean, eta bi edo hiru astetan jokatu ezinik izango da. Gainerakoak gaur ilunabarrean Montpellierri irabazteko eta sailkapenean gora egiteko prest izango dira.