GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Aniztasuna eta nazio ikuspegia Info7k hasiko duen programazioan

Info7k gaur estreinatuko du informazio eta musika arloko programazio berritua. «Informazio iturri azkarra, ziurra eta anitza izateko erronkari buru-belarri» helduko diola diote irratiko kideek. Erronka nagusia, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren zuzeneko emisioa izango dute.

p059_f01_148x76.jpg

GARA | GASTEIZ

Gaur bertan abiatuko duen programazio berrituaren barruan, Info7 Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia zuzenean emango duen irrati bakarra izango dela nabarmendu daiteke. Saioez gain, Agin Rezola kazetariak bertsolaritzaren munduko protagonista ugariren partaidetza izango du eta asteazkenero saioek emandakoa eta emango dutena aztertzeko irratsaio berezia ere eskainiko dute «Bostetako Diligentzia»-n.

Baina irratiaren programazioa askoz zabalagoa izango da. «Analisiak eta gaurkotasunarekiko begi zorrotzak protagonista izaten jarraituko dute lehen orduan». Goizeko zortzietatik hamarretara, «Kale Gorrian» magazinak ordu erdiko goizeko albistegi nagusi bat eskainiko duela esan dute. Horren ondoren, Euskal Herriko egoera politikoaren ezagutza sakona duten analistekin egunero «falta duen erpinari begiratu bat» emango diote irratiko kideek. 09.00etan azken orduko albisteen ondoren, «patxadaz hitz egiteko tartea» helduko da. Aurten, gainera, bi atal berri gehituko dituzte «Kale Gorrian»en bigarren orduan; «batetik, prentsa idatzian iritzi-emaileek Madrildik Euskal Herriari buruz esaten dituztenei erreparatuko diogu eta bestetik, kirolak tarte berezia izango du». Informazioak, bestalde, 13.30ean eta 20.00etan emango diren albistegi nagusietan izango du protagonismoa.

Kultura musikala aberasten

Informazioarekin batera musika da Infozazpiren bigarren ardatza. Hori dela eta, nazioarteko eta Euskal Herriko berritasunak aurkeztuko dituztela iragarri dute. Horretarako, Info7ko kazetarien azalpenez gain, «egileen beraien ahotan» ere entzun ahalko direla esan dute. «Horrela, norberaren gustu musikalak ase eta musika bide berriak ezagutzeko lagun izango duzu irratia».

Gainera, gaueko tarteetan musika irratsaio espezializatuak izango dira. Horrela, astelehenetan munduko musikak Andoni Tolosak gidatutako «Hegoaldeko Ostatua»-n entzungo dira eta, bestalde, Martxelo Alvarez herrien borroka eta musikari buruz arituko da «Malembe»n. Astearteetan jazz, soul, rock eta musika beltza eta elektronikoa entzuteko parada izango da eta asteazkenetan rock, punk eta oi doinuak izango dira protagonistak. «Ostegunetan Aritz Usandizagaren Sound Systemekin musika beltzaz eta elektronikoaz gozatzeko aukera izango da, eta hamabostean behin, metal doinuez Iñaki Esnaolaren Burdinola saioan».

WEBGUNEA

Zuzeneko emisioaz gain, info7.com atariak irratia teknologia berrietara hurbilduko du. Bertan, une oro azken ordua eta saioak entzuteko aukera dago. Gainera, irratiaren podcast eskaintzara doan bazkidetuz, Infozazpiren saioak ordenagailura automatikoki jaisteko aukera dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo