donostiagramak
Mokaduak eta solasak
Anartz BILBAO
Zinema izarren bisitek sortzen duten zurrunbilotik aparte, zinema aretoetako pantailetan ez ohiko istorio zoragarriak ezagutzeko parada ederra eskaintzen du Zinemaldiak, tamalez urritan izaten baita AEBetatik kanpo sortutako zinema gurean ikusterik –gero eta zailagoa dena–. Alta, zinema emanaldiak eta zinemagile zein antzezleen partaidetza uztartu, eta istorioak kontatzeko modu txundigarri honetan sakondu nahi duenak badu pelikulak hobeto aztertu eta zinemagileen lanean sakontzeko aukera, solasaldien bidez.
Zabaltegi sailak, esaterako, Zabaltegi Topaketak izaten ditu eguerdiro, 14.00etan hasita. Iaz abiatu zuten ekimena, eta aurten ere Juan Zavala kazetari eta zinemazalea izango du gidari. Herenegun, ekitaldiaren lehen saioan, «etenerako tartea ireki nahi dugu hemen» ihardetsi zigun aurkezleak bertaratu ginenoi –kazetariak gehienok, nahiz eta solasaldiak irekiak diren–. Aurkezlearen esanetan, «Zuzendari Berriak azpisaileko partaideak izaten dira bertara gonbidatutako zinemagileak» batez ere, oraindik zaleak ondo ezagutzen ez dituztenak, prozedura itxi bat erabilita, bakoitza bere pelikulaz mintzo dadin, lan bakoitzari ordu laurdena eskainita. Horretarako, «dokumentazio lana da garrantzitsuena» galderak egiteaz arduratzen den Zavalarentzat, «eta pelikulak aurretiaz ezagutzea».
Ekitaldia “Norteado” film mexikarraren eta “Wo de tang” lan txinatarraren arduradunen azalpenek ireki zuten herenegun. Atzo, “Precious” estatubatuarreko, “Yuki & Nina” (Estatu frantsesa/Japonia) eta “77 Doronship” argentinarreko lan-taldeak izan ziren bertan, esaterako.
Gainera, behin solasaldiak bukatuta mokadu bat egiteko aukera eskaintzen dute, aretoan direnen gozamenerako –aretoa mukuru beteta izatea horregatik ote?–.
Bestalde, Horizontes Latinos sailak ere badu solaserako tartea, gosaltzeko orduan. Ekitaldiak Horizontes Gosariak du izena, eta Zabaltegi Topaketetan ez bezala, akreditazioa duten lagunek soilik parte har dezakete. Bertan Latinoamerikako filmen arduradunak elkarrizketatzen ditu Julio Feok, ikus-entzuleak, kafe kikara beroa eskuetan, beraiei so diren bitartean (gosaria debalde eta kazetari andana aretoan, hemen ere). Atzokoan, esaterako, Argentinako historiaren pasarte latzak ardatz dituen “La perdida” dokumentalari buruz jardun zuten Enrique Gabriel eta Javier Angulo zuzendariek, eta “Daniel y Ana” pelikulari buruz Michel Franco mexikarrak, Zabaltegi Topaketak baino tarte luzeagoan. Bata zein bestea telebistaz grabatuak dira eta formatua bertarako moldatua dute.
Hona aukera, zineman sakontzeko aitzakiarekin mokadutxoa ahoratzeko.