Ohorezko maila Gipuzkoako derbia
Ordiziaren gogoak eta jokoak ez dio inongo aukerarik eman Bera Berari
AMPO ORDIZIA 23
PEGAMO BERA BERA 9
J.L. | ORDIZIA
Ampo Ordiziak lortu zuen atzo Gipuzkoako derbia irabaztea, eta horrekin batera, Gipuzkoako Kopa ere bereganatu zuen. Goierritarrak hiriburukoak baino hobeak izan ziren, eta ongi merezitako garaipena erdietsi zuten Altamiran.
Norgehiagoka ongi hasi zen donostiarrentzat, eta berehala aitzineratu ziren gainera, Daniel Larretxeak ez baitzuen bere lehen zigor-kolpea alferrik galdu. Pozak, ordea, ez zuen luze iraun, etxekoek bi minutura partida berdindu egin zuten zigor baten ostean, eta bi geroago, transformatutako entsegu bat gauzatu zuten.
Hortik aurrera, eta atsedenera bitarte, baloia kanpotarren eskutan izan zen gehienbat, baina ez zuten minik egitea lortu, eta etxekoek baloia zutenean, askoz ere arrisku une gehiago sortzen zuten. Larretxeak, beste zigor baten ostean, markagailuko aldea murriztu zuen, baina ez zuen ezertarako balio izan.
Bigarren zatian Ordizia jaun eta jabe izan zen. Bigarren minutuan bigarren entsegua lortu zuten, kanpotarren hutsegite batez baliatuta, eta hortik aitzinera Bera Bera galdu egin zen zelaian, norabidea galdu zuten, eta goierritarren mendean izan ziren.
Hortik aurrera Ordiziak partida erosoa izan zuen. Bera Berak ez zuen arriskurik sortzen, eta baloia gehienetan donostiarren zelaian ibili zen. Hala ere, urdinek izan zuten markagailua murrizteko modua, baina Larretxeak ez zuen zigorrekin asmatu. Atzokoa ez zen izan lapurtarraren eguna, eta Zuraideko jaurtitzaileak hiru zigor-kolpe alferrik galdu zituen.