GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Xenofonte berrirakurtzeko garaia

Ipar Amerikan, zortzi urte hauetan lehen aldiz, han jarraitzearen aurka dauden herritarren kopuruak gaina hartu dio alde daudenei aurtengo abuztuan...

Zbigniew Brzezinski, J. Carter lehendakariaren segurtasun aholkulari nagusi eta sobietar gaietan aditu estatubatuar ospetsuenetakoa izandakoak tolesgabeki aitortzen zuen duela hamar bat urte elkarrizketa batean: «Sobietarrek muga [Afganistangoa] ofizialki zeharkatu zuten egunean [1979ko abenduaren 24ean] idatzi nion Carter lehendakariari: oraintxe daukagu sobietarrei euren Vietnamgo gerra emateko aukera ederra». Eta halaxe egin bide zen ondorengo hamar urteetan, Carter Dotrina delakoaren estrategiari jarraiki (Reagan administrazioaren garaian garatu zen arren hura bereziki), Cyclone operazioaren bitartez. 1985ean Afganistanen 120.000 soldadu izatera iritsi eta gero, gerra irabazi ez iraungi ezinda, etxeratu egin behar izan zuten sobietarrek. 1989ko otsailaren 15ean zeharkatu zuen haietako azkenak, Boris V. Gromov jeneralak, Amu Daria ibaia iparralderantz. Halako pasadizoen urteurren biribilen garaian gauden arren, jakinaren jakinaz, batzuetan ahaztu ere egiten diren kontuak dira nonbait.

Apustu egingo nuke egun Brzezinskik ez lukeela horren gardenki hitz egingo... Afganistani buruz mintzatzeko umorerik balu. Duela 10 urte AEBen garaipen geoestrategiko argi eta, xede bertsuko beste ahalegin gehienen aldean, merkea zirudien hura Vietnam berriaren izu-laborri bilakatzen ari da estatubatuarrentzat. Aurrekari bat ez baizik biren astungarriarekin. Hots, sobietarrek hantxe bertan pairatutakoa errepikatzen aritzeak ez ezik, beraiek Vietnamen egindako hutsegiteak ekidin nahi eta ezinak emango dien erresumin mingotsarekin. NATO osoaren eta beste satelite mordo baten esku-hartzearekin, kontuak itsusteko.

2001eko inbasioaren zortzigarren urteurrena betetzear denear, Afganistanen dauden soldadu estatubatuarren kopurua 65.000 ingurukoa da eta, konpaien batura eginda, 90.000 bat dira une honetan han dabiltzan soldadu atzerritarrak. Eta auzia «bertakoen esku» uzten joateko asmatutako hauteskundeak kalterako baino ez direla izan argi baino argiago dago. Eta Ipar Amerikan, zortzi urte hauetan lehen aldiz, han jarraitzearen aurka dauden herritarren kopuruak gaina hartu dio alde daudenei aurtengo abuztuan...

Eta hala eta guztiz ere, ekainaren 15az geroztik ISAFen buruzagi goren Stanley McChrystal jeneralaren azken txostenak argi adierazten duenez, berehala okupazio tropa horien ugalketa nabarmena gertatu ezean (eta, aldi berean, estrategia berri eta eraginkorra asmatu ezean), porrota gainean izango da datorren urtetik aurrera. Orain arte aipatu ere ezin zen hitz madarikatu hori agertzen baita lehenbizikoz ofizialki aipatu txostenean: «failure».

Izan ere, sobietar okupatzaileen gehienezko kopurua gainditzeak bost axolako bailioke beste faktore garrantzitsu batzuek ere NATOkoen aurka jokatuko ez balute: egungo soldadu profesional hi-techen garestitasuna; okupatzaileen sorterrien edota base logistikoen urruntasuna; gudalekuaren inguruan benetako aliatu fidagarririk aurkitu ezina...

Antzeko abagunean hasi behar izan zuen duela 2.400 urte Xenofontek Anabasia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo