GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura Mintegi idazlea

Ikuskizunari begira

 

Zer dela eta izaten dira heriotza batzuk albiste eta beste batzuk ez? Zergatik asaldatzen gara ez-dakit-non bost hildako izan direlako eta beste nonbait erail dituzten bi mila hildakok, ordea, ez gaituzte asaldatzen? Zergatik hartzen dute egunkarietako azala ezbehar batzuek eta beste hainbat, kuantitatiboki handiagoak, barruko orrialdetako ezkerraldeko zutabe txiki eta ziztrinera baztertzen dira?

Bai, egia da faktore ekonomikoak badaudela: aberatsen heriotzak garrantzitsuagoak dira txiroenak baino. Bai, egia da faktore kulturalak ere egon badaudela: beste kulturetako jendeak ez du «guk» beste sufritzen seme-alabak hiltzen zaizkionean, ohituta daude eta. Bai, egia da, faktore arrazistak ere badira: zenbat eta larru ilunagoa, orduan eta axola gutxiago dute heriotzarekiko (uler bedi tonu ironikoa, otoi). Horiek guztiak faktore garrantzitsuak dira. Baina, hala ere, ez da ulertzen zein alde ikaragarria dagoen heriotza batzuen eta besteen artean. Zergatik? Zer dela eta dira batzuetan albiste pateretatik itsasora jausitakoak eta, nahiz eta emakumeak eta haurrak Atlantikoko uretan betiko ito, hurrengo hogei paterak ez dute albistegietan aipamenik ere merezi?

Espektakulua, ikuskizuna da erantzuna. Gertaera bera gaur ikusgarria da eta bihar ez. Irizpideak komertzialak dira: inflazioa, eskaera-eskaintzaren legea finean. Ez da arazo etikoa, estrategia hutsa da. Ikuskizunak ikusleak behar ditu, ikusle pasiboak, hunkitzeko prest daudenak, ezbeharraren aurrean errukitsu agertuko direnak. Ikusle behar gaituzte, eta ikusleok sentimenduak adieraz ditzakegu ikuskizunaz, noski, edo iritzia eman. Baina iritziak ez du ezer aldatzeko ahalmenik.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo