Asobal Liga
Zerura eta infernura egingo dute bisita euskal taldeek
Ligako buru Ciudad Real izango du San Antoniok aurkari. Arratek, berriz, aurtengo lehenengo garaipena bilatuko du Morrazo Cangas azkenaren etxean.
Arnaitz GORRITI | BILBO
Eskubaloia kontrastez beteriko kirola da. Talde batzuk diruz eta jokalari bikainez mukuru daude; beste batzuek, ostera, kostata osatzen dute talde duinik. Hala, beren kantxetan punturik urratzea infernura edo zerura bisita izaten da. Horixe da, bada, hain zuzen, euskal taldeei gaur gauerako egokituriko zeregina: Asobal Ligako aurrenaren -Ciudad Realen- infernutik eta azkenaren -Frigorifico Morrazo Cangasen- zerutik eskuratzea puntuak.
Reyno de Navarra San Antonio izango da Ciudad Realetik zeozer ateratzen saiatuko dena, 20.30etik aurrera. Chechu Villaldearen mutilek beren jokorik onena atera beharko dute ezer urratzeko. Alabaina, Alcobendasi etxean irabazi ostean, iruindarrak baikor agertzen dira gaurko, zer galdurik ez dute-eta.
«Dena dute bikaina: atea, kontraerasoa zein eraso geldia. Postu bakoitzeko jokalari bikain bi dituzte. «Gure aldetik, berriz, dena daukagu irabazteko eta gainera, Jurkiewicz berreskuratu dugu. Gure helburua hazten jarraitzea da. Partida ona egiten saiatuko gara», onartu zuen nafarren entrenatzaileak.
Lehenengo garaipenaren bila
Arratek, berriz, Frigorifico Morrazo Cangasen etxean bilatuko du denboraldiko aurreneko garaipena. CAI Aragonen aurka ezustean Ipuruan galdu eta gero, Julian Ruizenek ez dute alferreko estutasunik nahi eta lehenengo jardunaldian urraturiko puntuari beste bi gehitu nahi dizkio.
«Beraiek baino hobeak garelakoan nago eta, hargatik, ziur naiz irabaziko dugula», adierazi zuen atzo Dalibor Cutura jokalari eibartarrak, «baina horrek ez du esan nahi erraza izango denik. Beren kantxan lanak eman izan dizkigute beti», gaineratu zuen.
O'Gatañal kiroldegian jokatuko du talde gipuzkoarrak, 20.45etik aurrera. Garaipena lortzeko itxaropenaz, jokalari guztiak izango ditu eskuragarri Julian Ruizek.