GARA > Idatzia > Kultura

ESZENAK

Izar eta hostoen bidaia isila

Uda egunak amaitu dira. Udaberrian jaiotako hostoak udako eguzki epelarekin hazi dira eta orain, zahartu eta adarretatik askatzeko garaia heldu zaie. Basoek laranja, gorri eta marroi kutsua hartuko dute eta hego haizearekin batera, hostoek lurreranzko euren azken bidaiari ekingo diote. Eta urtaro aldaketa honekin batera, Zinemaldia ere, adarretik erortzeko puntuan da dagoeneko. Izan ere, azken egunotan Donostiako zinema aretoak jendez gainezka izan ditugu eta bertako eta munduko hainbat lekutako filmak ikusteko parada izan dugu, eta izar handien presentziaz gozatzeko aukera ere bai. Baina udak bezala, honek ere, bere azkenak emango ditu bihar, eta izarrak, hostoak bezala, euren lurraldeetara itzuliko dira, Donostia hiria hego haizeak astinduriko izarren hautsaz beteaz.

Hego haizeak aspaldiko kontuak ere badakartza bere magalean, udan Ur Teatroak «Sueño de una noche de verano» berriz ere taularatu duen moduan, duela 25 urte pasatxo Karrakak estreinaturiko «Bilbao, Bilbao» antzezlana ere berriz taularatuko baitute. Izan ere, urriaren 4ra arte Ramon Bareak zuzenduriko musikal hau berriz ere ikusteko aukera izango dugu Arriaga antzokian. Zuzendariaren esanetan, lana eguneraturik plazaratuko bada ere, bere garaiko funtsa bere horretan gorde dute, eta aktoreei dagokienez, orduko aktore berberak izango dira gehientsuenak. Kontu zaharrak berriturik itzuliko zaizkigu, beraz, hostoen lurrerako azken bidaia den udazken honetan.

Baina ez hori bakarrik, Gasteizeko XXXIV. Nazioarteko Antzerki Jaialdia ere bertan daukagu. Urriaren 6tik azaroaren 29ra bitartean, hogeita hamar bat ikuskizun desberdinez gozatzeko aukera izango baitugu Gasteizen. Tim Robbins aktore eta antzerki nahiz zinema zuzendariak zuzenduriko «1984» antzezlana izango da jaialdia inauguratuko duen pieza, eta bera ikusteko aukera ere izango du bertara gerturatzen denak. Horrez gain, honako talde hauen lanak ikusteko aukera ere izango dugu: Animalarioren «Tito Andrónico», Vaiven taldearen «El club de las mujeres invisibles» eta Teatro Paraísoren azken lanaren estreinaldia ere ikustea izango dugu, besteak beste. Bertako sortzaileak indartu nahian, «Bertako sormena» ekimena antolatu dute jaialdia hasi baino lehenagoko hiru egunetan zehar bertako taldeen lanak ezagutzera emateko, baita «Antzerkia Zabaltzen» ere, non arte eszenikoei buruzko gogoeta eta eztabaida guneak zabalduko diren. Urtaro aldaketa izan dugu eta honekin batera, hego haizeak, geure barrurako bidaia egitera gonbidatzen gaitu, zaratak baretu eta gero eta gertuago dagoen neguaren isiltasunean murgiltzera. Izan ere, gure antzerki talde asko isiltasunean ari baitira lanean, beren seme-alaba berria noiz jaioko zain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo