ESZENAK
Izar eta hostoen bidaia isila
Hego haizeak aspaldiko kontuak ere badakartza bere magalean, udan Ur Teatroak «Sueño de una noche de verano» berriz ere taularatu duen moduan, duela 25 urte pasatxo Karrakak estreinaturiko «Bilbao, Bilbao» antzezlana ere berriz taularatuko baitute. Izan ere, urriaren 4ra arte Ramon Bareak zuzenduriko musikal hau berriz ere ikusteko aukera izango dugu Arriaga antzokian. Zuzendariaren esanetan, lana eguneraturik plazaratuko bada ere, bere garaiko funtsa bere horretan gorde dute, eta aktoreei dagokienez, orduko aktore berberak izango dira gehientsuenak. Kontu zaharrak berriturik itzuliko zaizkigu, beraz, hostoen lurrerako azken bidaia den udazken honetan.
Baina ez hori bakarrik, Gasteizeko XXXIV. Nazioarteko Antzerki Jaialdia ere bertan daukagu. Urriaren 6tik azaroaren 29ra bitartean, hogeita hamar bat ikuskizun desberdinez gozatzeko aukera izango baitugu Gasteizen. Tim Robbins aktore eta antzerki nahiz zinema zuzendariak zuzenduriko «1984» antzezlana izango da jaialdia inauguratuko duen pieza, eta bera ikusteko aukera ere izango du bertara gerturatzen denak. Horrez gain, honako talde hauen lanak ikusteko aukera ere izango dugu: Animalarioren «Tito Andrónico», Vaiven taldearen «El club de las mujeres invisibles» eta Teatro Paraísoren azken lanaren estreinaldia ere ikustea izango dugu, besteak beste. Bertako sortzaileak indartu nahian, «Bertako sormena» ekimena antolatu dute jaialdia hasi baino lehenagoko hiru egunetan zehar bertako taldeen lanak ezagutzera emateko, baita «Antzerkia Zabaltzen» ere, non arte eszenikoei buruzko gogoeta eta eztabaida guneak zabalduko diren. Urtaro aldaketa izan dugu eta honekin batera, hego haizeak, geure barrurako bidaia egitera gonbidatzen gaitu, zaratak baretu eta gero eta gertuago dagoen neguaren isiltasunean murgiltzera. Izan ere, gure antzerki talde asko isiltasunean ari baitira lanean, beren seme-alaba berria noiz jaioko zain.