GARA > Idatzia > Euskal Herria

Klima aldaketa salatu du Bizi! elkarteak Maule eta Baiona bizikletaz elkartuz

Ostiral goizean abiatu ziren Zuberoako hiriburutik eta, hiru egunen buruan, Baionara heldu ziren atzo klima aldaketaren aurka antolatutako martxan parte hartu duten 230 bat lagun.

p019_f01_148x136.jpg

GARA |

Bizi! mugimenduak Ipar Euskal Herria bizikletaz zeharkatzeko antolatutako ekimenak «ongietorri bikaina» izan du antolatzaileen aburuz. Izan ere, bizikleta martxak iraun dituen hiru egunetan jendeak «sentsibilitate handia erakutsi du» Bizi! elkarteak klima aldaketaren aurka egindako mobilizazio honetan.

Ostiral goizean Mauletik abiatu ziren Bizi! elkarteko 20 militante, ekimena abian jarriz. Orotara, hiru egunez 210 kilometro baino gehiago egin dituzte eta atzo 230 pertsona inguru heldu ziren Baionara.

Pertsonalitate aunitz

ELBko Francis Poineau, Mauleko AMAPeko Madouce Paraguas, Mauleko hautetsi Daniel Maniaguet, Izurako auzapez eta LEIAko lehendakari Daniel Olçomendy eta Gracie Florence Ezpeletako auzapeza izan dira, besteak beste, Bizi! elkarteko militanteei sostengua eman dietenen artean.

Mugimendu ekologistatik azaldu dutenez, Michel Berhocoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganbararen lehendakariak eta Peio Etcheverry-Aintchart Donibane Lohitzuneko hautetsiak «animatu dituzte» hainbat gairen inguruan egindako trebakuntza bilkurak.

Bileretan, garraioaren arazoari, klima aldaketari, laborantzaren tokitzeari, lurralde antolaketari edo urbanismo iraunkorrari buruzko gaiak aztertu dituzte. «Klima aldaketaren ondorioz behar-beharrezkoak dira aldaketak», azpimarratu dute ekologistek.

Gilles Lemaire Berdeen idazkari nazional ohiak eta Attac-France elkarteko bulegoko kideak, hitzaldia eman zuen Ezpeletan Bizi! itzuliaren karietara. 70 pertsonen aurrean, Kopenhageko gailurreko erronkak azaldu zituen. Bileran nabarmendu zuenez, «nazioarteko mobilizazioa ezinbestekoa da presioa egiteko gobernatzaile guztiengan, egoera latz honek horrela galdegiten baitu». Era berean, klima aldaketa eragiten duten gasen isurketak txikitzeko hartu behar diren neurriak «jendartearen parte xumeenak kontuan izanik» hartu behar direla nabarmendu zuen.

Bizi! mugimenduak Maule eta Baiona arteko bizikleta martxan parte hartu duten herritar guztiei esker ona adierazi zien atzokoan, bereziki etapen eta bazkarien prestakuntzan parte hartu dutenei eta txirrindulariei ostatu eskaini dietenei.

Datorren sentsibilizazio topaketa urriaren 7rako adostu dute Bizi! eta Atalante elkarteek. Hain zuzen ere, gaualdi berezi bat antolatu dute elkarrekin bi elkarteek. Bertan, Nicolas Hulot ekologista frantziar ezagunaren «Le syndrome du Titanic» lana emango dute Baionako Atalante zineman.

ongietorri bikaina

Bizi! mugimenduko kideek nabarmendu dutenez, Maule eta Baiona lotu duen bizikleta martxari «ongietorri bikaina» eman diote «sentsibilitate handia» erakutsi duten herritarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo