GARA > Idatzia > Kirolak> Real Sociedad

Superliga

Encinas eta Calahorrano, protagonista euskal derbian

Nafarrek markagailua orekatzea lortu zuten 2-0 galtzen egon ostean.

REAL SOCIEDAD 2

LAGUNAK 2

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Realak eta Lagunakek bina berdinduta amaitu zuten jardunaldiko euskal derbia. Partida orekatua izan zen, eta amaieran berdinketa ontzat eman daiteke, nahiz eta bietako norbaitek irabazi behar bazuen, nafarrek egin zituzten horretarako merezimendu gehiago.

Lagunak hasi zen partiduan agintzen. Beraiena zen baloiaren jabetza, baina ez zuten donostiarrei minik egitea lortzen. Zelai erdian presio handia egin zuten, donostiarren joko egileak ongi itxi zituzten, baina donostiarrak teknikoki hobeak dira, eta baloia zutenean hori ikusi zen. Zuri-urdinak lehen aldiz Goñiren atera heldu zirenean, gola lortu zuten.

Encinasek ederki aprobetxatu zuen Magañaren pase luze bat markagailuan aitzinetik jartzeko. Donostiarren aurrelariak aurre hartu zien nafarren atzelariei, eta, Goñi gaindituz, lehen gola egin zuen. Ondoren horiek bi aukera egin zituzten, baina ez zuten asmatu, eta lehen golaren antz handia izan zuen jokaldi batean heldu zen bigarren gola. Berriz ere pase luze batean atzelariei aurre hartu Encinasek , eta bigarren gola egin zuen. Atsedenaldira joan aurretik Calahorranok gola egin zuen, baina Egileorrek legez kanpo utzi zuen jokoz kanpo zegoelako.

Bigarren zatian donostiarrek gol aukera gehiago egin zituzten, baina baloiak Lagunakena izaten jarraitzen zuen, eta Calahorranok bi gol egin, eta ongi merezitako berdinketa eman zien Barañaingoei.

Eibarren garaipena

Hirugarren jardunaldian heldu da Eibarren lehen garaipena. Gipuzkoarrek partida ona egin zuten. Lan dezente egin behar izan zuten garaipena erdietsi ahal izateko, baina amaieran 2-0 mendean hartu zuten Las Palmas taldea.

Maialenek lortutako gol batek aitzineratu zituen gorri-urdinak, eta bigarren zatian Jasonek lortutako golak norgehiagoka erabakita utzi zuen, eta Eibarrek ongi merezitako garaipena erdietsi zuen. Eibarren hamaikakoa hau izan zen: Aldai, Lauri, Ainhoa, Alaitz, Oihana, Maialen (Nerea, 80. min.), Eneritz (Leire, 65. min.), Irati (Laura, 70. min.), Deya (Lorena, 53. min.), Jasone eta Nagore.

Athleticek, berriz, denboraldiko lehen porrota jaso zuen etxean Zaragozaren aurka galduta. Aragoikoek itxura bikaina eman zuten, eta merezitako garaipena erdietsi zuten.

Hau izan zen Athleticek zelairatu zuen hamaikakoa: Ainhoa, Garazi, Marta, Tzibi, Gangoiti, Olabarrieta, Orueta, Iaia (Lambarri, 78. min.), Ibarra, Nekane eta Naiara (Erika, 59. min.).

Reala da, oraingoz, euskal talderik onena

Hirugarren jardunaldiaren ostean, Reala da une honetan euskal talderik onena. Javier Garmendiak zuzentzen duen taldeak bi partida irabazi eta bat berdindu ditu, eta garbi dago onenen multzoan sartzeko aukera handiak dituela.

Ustez, Athletic da lauetan onena, baina zuri-gorriek atzo galdu egin zuten Zaragozaren aurka, eta bi garaipen eta porrot batekin geratzen dira. Lagunak eta Eibar ere lan txukuna egiten ari dira. Nafarrek argi utzi dute jokatu dituen bi derbietan mailari eusteko arazorik ez dutela izango, eta gorri-urdinak ere bide horretan lan ona egiten ari dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo