Ixabel ETXEBERRIA I Irakaslea
Mila esker «Ekaitza »
Baladur erreforma ere bidean dugu, departamenduen desagertzea ekarriko duena eta Euskal Herria Akitanian itoa utziko duena. Horretan abertzaleen jarrera garrantzitsua izanen da eta autonomiaren aldeko proiektua herritarrei xeheki azaltzea mereziko du
Iragan astean Interpolek lau atxilotze agindu berri plazaratu zituen Ben Barkaren kasuan. 1965ean desagertu zen militantea ez dute oraindik aurkitu. Atxilotze aginduak lau militar marokoar ukitzen zituen. Plazaratu eta berehala atxilotze agindua gelditua izan da. Ben Barkaren familiaren abokatuaren arabera, atxilotze aginduaren atzera botatzea Eliseotik zuzenean heldu da. Erran nahi baita berrogeita bost urteren buruan militante antikolonialistaren desagerpenaren inguruko gertakari latza goi mailako bulegoetatik babestua dela. Egoera errepikatzen da euskal militanteekin.
Horrez gain, agintaldi autoritario honetan, orain artekoaren gainetik, oztopoz betetako negua heldu zaigu. Izan ere, iragarria zen hizkuntza gutxituen babeserako legea nahiko baztertua gelditzen ari da Pariseko agintarien azken adierazpenetan. Mobilizazioak beharrezkoak izanen dira eta horren aldeko jarrerak eta determinazioak entzuten hasiak dira. Haatik, Max Brisson eta Jean Espilondoren adierazpenek zur eta lur uzten gaituzte. Egia da Max Brisson nahiko langile ikusi dugula azken urteetan. Anbizio politikoak jarrera aldaketak ekartzen ditu eta bai auzapez bai diputatu edo senatari aulkiek motibazio berriak loratzen ditu. Aldiz, Jean Espilondoren euskararen erabileraz hitz egiten entzuteak nahiko sinesgaitza ematen du. Baina nork daki? Baliteke euskarak laguntzaile berriak aurkitu izana, nork daki? Garrantzitsuena emaitza izango da eta hori euskararen onerako bada, ongi etorri!
Baladur erreforma ere bidean dugu, departamenduen desagertzea ekarriko duena eta Euskal Herria Akitanian itoa utziko duena. Horretan abertzaleen jarrera garrantzitsua izanen da eta autonomiaren aldeko proiektua herritarrei xeheki azaltzea mereziko du. Autonomia nahiko sartua ikusi dugu Parisek beste eremuetako lurralde antolaketetan dituen proiektuetan. Korsikako kasuan horrela iragan zen, autonomia une hartan baztertua izan bazen ere, eta horrela izanen da urte hondar honetan Martinikan bozkatuko dutelarik autonomiari buruzko kontsultan. Autonomia Eraikik hitzorduak finkatu dizkigu.
Baterak ere hemen berean antolatuko du kontsulta bat, departamendu edo tokiko instituzio bati buruz. Jauntto batzuk Baterari lotzen ikusiko dira behar bada, tokiko boterearen aldeko mugimendua ikusiz. Egia erran, momentuko UMPko hautetsiak dira agintean eta tokiko instituzio baten sortzeak beraiei eskainiko lieke botere gehiago. Debate eta sorpresa pila ondoko asteendako.
Panorama horretan, polizia sindikatuek hitza hartu dute dituzten lan baldintza latzak aipatzeko. Izan ere, Ziburuko lehertzearen ondotik, aldaketa handia izan omen da Ipar Euskal Herrian den bortizkerian; ondorioz, Poliziak behar handiagoak omen ditu eta lanaren lanjerarengatik diru sari bat merezi omen dute. Aste honetako «Ekaitza» irakurriko dugu eta problematikaren zati bat bederen argituko zaigu!