GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | Intxortako gudariei omenaldia Elgetan

Hil zituzten arren, gudarien eskaintza ahanzturan lurperatzea, ezinezko ekina

Gudatokian estu ta larri iñoiz aurkitzen bagera, eu oroiturik oyuko diñat: eusko mutilak, aurrera! Gure semeak ezaun dezaten zuzentasunan argia, mendira noian fusil batekin, jokatutzera bizia. Eusko biotzen sendotasuna ez din ezautzen etsaiak, da uztarripean jarri nai zigun gizon ergelen nausiak. Alperrik baña: eusko jendeak ez din ezautzen nausirik, bere nausia izan don beti Askatasuna bakarrik».

p014_f01.jpg

Gari MUJIKA I

Joseba Tapiak Intxortan eroritako eusko gudarien omenez plazaratu zuen diskoko abestiak Elgetako Udaleko bozgorailuetatik aditzen hasi ziren 11.00etan, plaza nagusian hamarka lagun biltzen hasi ziren bitartean. Ikurrinak, bandera gorri eta beltzak, CNT sindikatukoak, euskal preso politikoen aberriratzearen aldekoak eta, noski, EAE-ANVkoak zutik zituzten bitartean.

Andoaindik ere errepublikar musika banda bertaratu zen eta berau izan zen Intxortako Ateraino bidea errazten lehena. «Justizia, erreparazioa, errepika ez dadin», zioen martxa irekitzen zuen pankartak. Salbador kaletik gora ekin zionean, bizilagun ugari izan ziren balkoi zein leihoetara irten eta martxa agurtu zutenak. Bi kilometro eskas aldapan gora egin ostean, Intxortako Atearen parean, makina bat lagun zeuden jada zain.

Emakumeak bereziki gogoan

«Trimotor Eguna» izango zen atzokoa Intxortan, 1936ko urriaren 4tik hasi eta hurrengo hilabete luzeetan izango bagina. Eguraldia lagun zutenean, ateri eta eguzkia bistan zenean, jaurtitzen baitzituzten frankistek ehunka lehergai Intxortan, erresistentzian, borrokan ziren eusko gudarien aurka.

Baina, hala ere, eta nahiz eta 1937ko maiatzean frankistek Intxortako harresia apurtzea lortu zuten, egun ere Euskal Herriaren askatasunaren sinbolo dela aldarrikatu zuten atzo, orduko defentsa gaurkoa delakoan. Behin eta berriz nabarmendu zuten hizlari ezberdinek inpunitatearen eskutik, agintari politikoek frankismoaren aurka bizia eman zuten euskal herritarren oroimena lurperatu nahi izan dutela.

Baina euren bizia eman zuten gudarien eskaintza eta oroimena zokoratzea alferrikakoa suertatu bazaie, ahanzturara zigortuak izan ziren norbanakoak ere nabarmendu ziren: emakumeak. Bertan ziren, gainera, ekitaldiko lehen ilaran, Julian Monje Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideak esan bezala, nerabe izanik ere, frankistek bortxatu zituzten emakumeak, ilea moztu, iraindu, desjabetu... Dena galdu eta, hala ere, aurre egin zutenak, «eta, hala eta guztiz ere, biktima bilakarazi ez dituzten emakumeak», esan zuen txalo zaparradaren itzalpean.

Orain, lehengo moduan

Emozioz beteriko ekitaldia izan zen. Zapalkuntza eta inposizio frankista beren azalean bizi izan zuten makina bat pertsonaz gain, Intxortan bizia eman zuten beste hainbaten senideak ere han baitziren. Baita Euskal Herriko beste txoko askotan faxismoaren aurkako borrokan bizia galdu zutenenak ere. Eta ekitaldian nabarmendu zuten bezala, egunen batean justizia eta egia ezarriko duten belaunaldi berrien ordezkari ugari ere.

Intxortan, errepublikaren oinarrien alde borrokan atxilotu zuten Felix Padin argi aritu zen. Emozioak hitzak trabarazten bazizkion ere, Francoren esana ekarri zuen gogora, egun erabateko zentzua duela esanez: «Todo queda atado y bien atado».

Orkestra sinfonikoak «Internazionala»ren doinua jotzen zuen bitartean, lore eskaintza egin zieten eusko gudariei. Azken hitzak, zortzi hamarkada berantago, oraindik ere hildakoen, errepresaliatuen zein zigortuen erroldarik ez izatea salatzeko eta Egiaren Batzordea eratzeko pausoak emango dituztela adierazteko izan ziren.

«Nai-ta etorri Mola ta milla reketa, ez da iñor sartuko bizirik garen arte!», dio Tapiak. Horiek hitza bete zuten; orain, gainontzekoen konpromisoa behar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo