GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Euskara da gure bidea», adierazi dute aspaldiko festarik jendetsuenetakoan

Kilometroa luzera-unitatea da; Kilometroak, aldiz, ikastolak sustatzeko festa, euskalki guztiak batera aditzeko aukera, hainbeste jende kontent ikusita oilo-ipurdia jartzea... Eguraldi bikaina eta giro bikainagoa lagun, jende olatu erraldoi batek hartu zuen Zurriola eta txiki gelditu zen ibilbidea.

p002_f0186729.jpg

Maider IANTZI I

9.30ean puntuan ireki dute zirkuitua eta Aitor Jaunarena eta Adur Jimenez Zurriola Barandiaran ikastolako ikasle eta osaba-ilobak izan dira zinta moztu dutenak, antzerki eskolako clown taldearen laguntza apartarekin. Han dira Isabel Celaa Lakuako Hezkuntza sailburua, Odon Elorza Donostiako alkatea eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, baita ikastoletako, kulturako eta politikako beste ordezkari batzuk ere, tartean ezker abertzalekoak, «Non da Jon?» kamisetan idatzita. Segidan, gonbidatu horiek elkarrekin abiatu dira ibilbidearen zati bat egitera eta festan sartu dira eurak ere.

Eguzki goxoak bizkarrak berotzen dizkigu, sarrera guztiak jendez lepo daude, ongi pasatzeko irrikaz denak. Kursaalen kanpoaldean, Easoko Araoz Gazte Abesbatzako kideak kontzertua emateko berotzen ari dira. Ikastolako ikasleak pasatu dira trikitia eta panderoarekin eta euren gibeletik txaranga bat doa. Haurrak jolasean ari dira nonahi, saltoka edo txirristan behera.

Kilometroak bata eta bestea agurtzea da; hango eta hemengo jendea ezagutzea, adin guztietakoa; Kilometroak talde handi baten parte izatea eta ongi sentitzea da; sabela inurriz betetzea da, adibidez, kaleak alaitzen dituzten denetariko musikariek zure gustuko kantu bat jotzen dutenean. Gustura ari dira herritarrak paseatzen, kantari doaz.

«Zurea eta nirea, euskararen bidea» eta «Gora gure Kilometroak eta gora Donostia» kantuen artean Kursaalera ailegatu gara. Barrenean, Zurriola Barandiaran ikastolako ordezkariek, Joxe Mari Eizmendi lehendakariak eta Aurkene Mora zuzendariak, lekukoa pasatu diete heldu den urteko Kilometroak antolatuko duen Pasaia-Lezo Lizeoko kideei, Agustin Migeltorena zuzendariari eta Junkal Mintegia lehendakariari.

Bertso baten bidez, zorterik onena opa diete eta publikoak txalo zaparrada batekin animatu ditu erronka handi hau hartu duten pasaitarrak. Argazkia egin diete denei elkarrekin, eta «badakigu gaurkoa bezain jai polita antolatuko duzuela», esan diete donostiarrek. «Gurea badoa, denek ondo pasako dute eta zuentzat ere enkargatuko dugu horrelakoxea». Bi lagunek, Pasaia Lizeoko ikasle izanak eta orain Zurriolan irakasle dabiltzanak, Beñat Sarasolaren poema bat irakurri dute: «Euskara da gure bidea» adieraziz bukatu dute.

Ekitaldian, ikastolako hiru zutabeak omendu dituzte, hau da, gurasoak, ikasleak eta langileak. Talde bakoitzeko adinduenari eta gazteenari oroigarri bana eman diete. Gure hainbat sentimendu eta bizipen abestu duen Mikel Laboa ere gogoan izan dute eta txalo bero bat jo diete bertan diren Marisol Bastida emazteari eta alabari. «Ez nau izutzen negu hurbilak» jo dute pianoan.

Konturatu orduko 12.30 dira eta gainerako guneetan bezala, «Txoria txori» kantatzeko unea da. Kalera atera dira ikastoletako eta beste arloetako ordezkari guztiak eta elkarrekin ekin diote abesteari, hunkituta. Batzuek begiak itxita dituzte.

Xakea eta kometak

Kursaaletik hurbil, kontzentratuta, haur eta gazte talde bat xakean ari da. Fernando Markina Gros Xake Taldeko partaideak adierazi digunez, jaiaren barruan adin guztietako jendeari eskaintzen ari dira joko hori. Orain dela hamabi urte Zurriola ikastolan xake eskolak ematen hasi ziren eta oraindik horretan jarraitzen dute.

Kontatu duenez, ume askok probatzen du eta kirol guztietan gertatzen den bezala, batzuek utzi egiten dute, besteek beste kirol bat aukeratzen dute... Baina bizikletan ibiltzea bezalakoa omen da, behin ikasita ez da ahazten. Eskolarteko txapelketak egiten dituzte eta matematikako eskoletan ere jolasten dira xakean. «Gauza on bat dauka: jokoan lantzen den pentsamendu logikoak bizitzako arazoetarako balio du. Lehenengo aztertu egin behar da, gero bi-hiru aukera pentsatu eta azkenik gauzatu. Oso ona da ikasteko. Bizitzan bezala, erantzun azkarregia ematen duenak galtzen du askotan». Urte askoan Gipuzkoako txapelduna izana, Iñigo Argandoña, etortzekoa da geroago ilaran jarritako mahai guztietako lagunen kontra aldi berean partida bat jokatzera.

Uretan, Pukas, Groseko Indarra eta Bera Bera taldeetako lagunak surfean dabiltza. Ondoan, Saguesen, gazteak Betagarrirekin saltoka ari dira. Kometaz beteta dago zerua. Gasteiztik etorri da Lau Haizetara taldea haurrei tailer bat ematera eta bertako kide batekin, Pablo Ibarrondorekin, mintzatu gara. «Gaur haize justua daukagu hegan egiteko eta kometa arinenak atera ditugu. Naturak egun onak eta ez hain onak izaten ditu eta atsegin dugu hori. Tailerra topera dago eta jendea pozik dagoela sumatzen dugu», hasi zaigu azaltzen. Lau Haizetarako kideek asteburu bat pasa zuten Urbasan eta bertan kometa laranja piloa josi zituzten. Klubeko jendeak egin zituen eta horregatik besteak baino hobeki zaintzen dituzte. Gaur binaka hegan eginarazten diete. Loro bat ere badute, haizearekin puzten dena, apaingarri modura.

Gasteizko mutil gazte honek txikitatik izan du zaletasun hau, gero ahaztu egin zitzaion, eta berriz zaletu zen. Jende eta leku berriak ezagutzeko aitzakia ezin hobea da berarentzat. Heldu den astean, larunbatean, igandean eta astelehenean, kometen festa egingo dute Garañon eta jendea animatu du joatera.

Gazte koadrilak berriketan ari dira legar gainean jarrita, jende helduagoa ere bada, bainujantzia soinean; batzuek hamaka eta guzti eraman dute lasai-lasai eseri eta irakurtzeko. Familia bat pasatu da haur-kotxearekin: hirukiak dituzte. Familia ugari etorri da egun pasa umeekin, festa polita delako Kilometroak etxeko txikientzat.

Adibidez, gune batean dotore-dotore margotzen dizkiete aurpegiak eta neska-mutikoak pozarren daude. Bertan egin dugu topo Charorekin, Sevillatik etorritako emakume batekin. «Gaur goizean iritsi naiz eta honekin egin dut topo!», adierazi digu, oraindik egoeraz ongi jabetu ez denaren aurpegiarekin. Semea eta bilobak euskaldunak ditu eta familian egun pasa polita egiteko asmoa dute.

Getariatik beste lau sendi etorri dira, guztira hamabi lagun: «Primeran doa eguna. Dendetan izan gara arropak begiratzen eta orain pailazoengana goaz umeekin. Beti etortzen gara halakoetara, polita izaten delako umeekin etortzeko eta euskara pixka bat bultzatzeko», esan digu Joxe Mari Urbietak, Arene, Nahia, Amaia eta Ekhi gazteak ondoan dituela. Saguesen, aldiz, Ibarrako eta Tolosako mutil gazte koadrila batekin izan gara. Zazpi lagun etorri dira Betagarriren kontzerturako eta izugarri gustatu zaie. Oraintxe begiratu dute egitaraua eta Anje Duhalde aditzera joango direla azaldu dute, Gertrudis taldearekin gorputza mugitzen duten bitartean.

Errenteriako Arantxa eta bere lagunak ere kontzertuan daude, hiru bikote etorri dira haurrekin eta laster bazkaldu eta etxera buelta egingo dute.

Bazkalordua da eta jendea lurrean borobilean jarrita dago ogitartekoren bat jaten. Beste batzuk jangeletara joan dira: ikastolara, Ategorrietara edo sagardotegira. Ikastolan, Arantza koordinatzailea jangela zaintzen ari da, mugikorreko deiei erantzuten, baten eta bestearen zalantzak argitzen... «Jendez gainezka daude bazterrak, gunez gune galdezka ibili gara eta beteta daude denak», jakinarazi digu. 600 langile baino gehiago ari dira txosnetan lanean eta, hala ere, jendea dago zain. Buelta bat emateko astirik izango duen galdetuta, zera erantzun digu: «Koordinatzailea naiz eta lana dut egun osoan, beno, egun osoan, aste osoan eta urte osoan, baina oso gustura. Sentsazio oso ona dut eta pentsatzen dut gauzak oso ondo ateratzen ari direla. Hiru egun daramatzagu emozionatuta», eta hori esatearekin bat besoa erakutsi eta oilo-larrutan dagoela ikusi dugu.

Bada jendea lana beltz egiten ari dena: txosnetan, arropak eta bestelako materiala saltzen, zirkuitua prestatzen, trafikoa zaintzen... Xehetasun ugari hartu behar dira kontuan. Adibidez, egitarauan denetariko ikuskizunak sartzen eta gunetan banatzen ahalegindu dira. «Inguruak asko markatzen du: Sagues eta Kursaal inguruak oso erakargarriak dira eta nagusiki gazteen guneak dira, Kotxerak ere bai. Ikastola eta Haztegia gehiago dira familientzat eta Manteon denetarik dago, gune garrantzitsua da, Eusko Labelen postuarekin, sagardotegiarekin...», kontatu du.

Arantzaren Goizuetako familia ere etorri da antolakuntzan laguntzera eta ikastolatik kanpoko makina bat jende ere bai, Amara Zaharreko, Igeldoko eta Antiguako koadrilak, batzuk aipatzeagatik.

«Non dago Jon?». «Gerra zikinari, faxismoari, aski da!». «Epaiketen eta faxismoaren gainetik, elkartasunak ez du etenik izango!». «HilKutxa. Gure osasuna kaltetzea ez da ekintza soziala. Termikarik ez». «Superporturik? Ez, eskerrik asko». Aldarrikapenez eta argazkiz beteta daude txoko guztiak.

Pankarta eta argazki ugari

«Egunkaria libre!» aldarrikatzen duten esku-orriak banatzen ari dira. Horien bidez, epaiketa azaroan izango dela oroitarazten dute eta egingo diren ekimenetan parte hartzeko deia egiten diete herritarrei.

AHTren kontrako talde batek eguna aprobetxatu du Itsasondon egiten ari diren protesta zabaltzeko eta Pasaiako superportuari eta abiadura handiko trenari buruzko informazioa emateko. Astelehenetik Itsasondo eta Legorreta artean dagoen Berostegi auzoko pagoetara igota dauden lagunei elkartasuna adierazteko asmoz, pankartak jarri dituzte zuhaitzetan eta ekintza beste herrietara zabaltzeko asmoa dutela agertu dute.

«Jende dezente hurbiltzen ari da gure postura, proiektuen argazkiak jarri ditugu eta inguru horietako jendea etorri zaigu bizi duten egoera azaltzera edo irudi horiek ez zituztela ikusiak aipatzera», adierazi digute.

Haiengandik hurbil, Ategorrietan daude Xabier eta bere lagunak 09.00etatik, jo eta ke 700 pertsonarentzat paella prestatzen. Sua piztu, txorizoak, hirugiharra, tipulak eta denak txikitu... Bero ikaragarria pasatzen ari direla aitortu digu Tolosatik etorritako dozena bat laguneko koadrila honek, baina, hala ere, benetan gustura dabiltza.

Joan den urtean, Irurako Kilometroetan 1.100 pertsonarentzat prestatu zuten paella eta aurten ea horretarako prest zeuden galdetu diete. «Ohitura bihurtu da jada. Ea datorren urtean Pasaian egiten dugun!».

lagun lanean

Antolatzaile eta laguntzaile, guztira 2.000 lagun ibili ziren egun osoan dena ongi joan zedin zaintzen: txosnak, bazkariak, zirkulazioa, garbiketa... Urtean, berriz, 500-700 aritu dira lanean.

Ehunka

eta ehunka lagun

Jende uholde izugarria espero zuten antolatzaileek eta aurreikuspenik onenak bete zitzaizkien: 6,5 kilometro txiki gelditu ziren eta Zurriola hiribideko ibilbidea zabaldu zuten, bi errei hartuta.

Argazkiak jartzeagatik atxilotuta

Lekukoek adierazi zutenez, bi lagun atxilotu zituzten atzo Kilometroetan presoen argazkiak jartzen ari zirenean. EFE eta Europa Press informazio agentziek, aldiz, kalez jantzitako poliziek furgonetetan gatibu eramandakoak hiru gazte zirela jakinarazi zuten: 29 eta 39 urteko bi gizon eta 29 urteko emakume bat. Agentzia hauek gaineratu zutenez, eguerdiko hamabietan atxilotu zituzten Grosen presoen argazkiak zituzten kartelak jartzen ari zirela. Azaldu zutenez, komisariara eraman zituzten eta gauean libre gelditu ziren, epailearen deiaren esperoan. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo