GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

HARRI-JASOTZEA Harri txikien finala

Aimar Irigoienek erregea zein den argi eta garbi utzi du

Errezildarrak aise bereganatu zuen txapela. Lehiaketako marka ere ezarri zuen, orain artekoa gainditu baitzuen 100 kilo gehiago jasota. Joseba Ostolatzak lortu zuen bigarren postua.

p038_f01_333x333.jpg

Jon LEUNDA |

Aimar Irigoienek ez zuen barkatu, eta berak jantzi zuen harri txikien Euskal Herriko txapela. Lehen harri handiena ere jantzi zuen uztail hasieran, eta garbi utzi du erregea zein den. Gainera, lehiaketako marka berria ezarri zuen 100 kilo gehiago jasota.

Sekulako jendetza batu zen Aizarnazabalen finala zuzenean ikusteko. Pilotalekuko harmailak eta kantxan jarritako eserleku guztiak erabat bete ziren. Guztira zazpi kirolari neurtu ziren, eta bakoitzak 125 kiloko zilindroa, pisu bereko angeluzuzena, 112,5ko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin aritzeko hiruna minutuko txanda izan zuten.

Saioa hasi aurretik ere garbi zegoen txapela norentzat izango zen, ustekaberen bat gertatu ezean. Irigoien une honetan besteak baino apur bat gorago dago, eta hori argi geratu zen. Lehia bigarren posturako iragartzen zen, baina Ostolatzak bere agintea ezarri zuen, eta beretzat izan zen postu hori

Angeluzuzenarekin abiatu ziren, eta hortik hasi zen Aimar aldea ateratzen. 31 jasoaldi eman zizkion, eta biren aldea kendu zion Ostolatzari. Hortik atzerakoak beste lehia bat zuten, eta hasieratik ikusi zen Izetatarren lehia. Bertizek ere lehia horretan sartu nahi zuen, baina azkenean atzerago geratu zen.

Bigarren harriarekin ere errezildarrak ez zuen barkatu, eta aldeak gehitzen jarraitu zuen. 32 aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean, eta beste bi jasoaldiren aldea kendu zion Ostolatzari. garbi zegoen txapela beretzat izango zela. Bigarren postu hori ere nahikoa garbitzen ari zen, berriro ere biren aldea kendu baitzien zestoarrak Izetatarrei. Beraz, geratzen ziren bi harrietan hirugarren posturako zegoen lehia.

Marka berria

Kubikoarekin ere Aimar jaun eta jabe izan zen, eta hiru minutuan 23 aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean. Baina oraingoan bigarrena ez zen izan Ostolatza, izan ere, Izeta IV.ak aurrea hartu zion Ostolatzari. Zarauztarrak 21 jasoaldi eman zizkion, eta Ostolatzak bat gutxiago ematea lortu zuen.

Beraz, azkeneko harria geratzen zen, bola, alegia, eta ordurako lehen postua erabakita zegoen, baita bigarrena ere. Hirugarren posturako borroka zegoen Izetatarren artean, baina oraingoan ilobak aurrea hartu zion osabari. Angeluzuzenari 26na jasoaldi eman zizkioten, zilindroari osabak 28 eta ilobak 27, kubikoari gazteak 21 eman zizkion eta osabak bi gutxiago. Beraz, bolak erabakiko zuen. Erabakitzeko geratzen zen bestea Irigoinek txapelketako marka ezarriko zuen ala ez zen. Azkenean, harri honekin ere errezildarra nagusi izan zen, eta 29 aldiz jasota, lehiaketako marka 100 kilotan ondu zuen. Izetarrek berdin jaso zituzten, bakoitzak 35 eta hirugarren gaztea sailkatu zen osabari 100 kilo kenduta.

Izeta IV.a eta Bertiz izan dira hobekuntza handiena izan dutenak

Atzoko txapelketak faborito garbi bat zuen, eta hark ez zuen hutsik egin. Denek zekiten Aimar Irigoienen maila ez duela parekorik eta haren lanak ez zuen inor harritu.

Hortik atzerakoen artean, Izeta IV.a eta Bertiz izan ziren ezusterik handiena eta gozoena eman zutenak, biek hobekuntza handia izan baitute, eta hori argi eta garbi utzi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo