GARA > Idatzia > Ekonomia

De la Vegak dioenez arrantzaleek bizi duten egoera «beren lanaren parte» da

Somaliako kostan ainguratuta dagoen «Alakrana» ontziaren auzia geldiune batera iritsi da, eta atzo erakundeetako eledunek babesa eskaini zieten bahituei eta senideei. Presidenteorde espainolak, dena den, esan zuen jasaten ari diren arrisku egoera beren lanaren parte dela.

GARA

«Alakrana» ontziak sei egun beteko ditu gaur pirata somaliarren eskuetan, eta lehen egunetik gertatu bezala, atzo ere bertan dauden 36 arrantzaleak gogoratzeko eta beren senideei babesa emateko adierazpenak nagusi izan ziren. Horien artean, dena den, Maria Teresa Fernandez de la Vega Gobernu espainoleko presidenteorde eta eledunak egindakoak nabarmentzekoak izan ziren, haren iritzirako, Indiako itsasoan arrantzan ari diren marinelek bizi duten arrisku egoera «beren lanaren parte» baita.

Cope irratian egin zituen De la Vegak honako adierazpenak, nahiz eta jarraian gaineratu zuen beren «ardura eta eginbehar nagusia» dela «ahal den guztia egitea honek guztiak bukaera zoriontsu bat izan dezan».

Ildo honetan, agintari espainolak adierazi zuen ahaleginak egiten ari direla, esparru diplomatikoan eta militarrean, «Alakrana» «ahalik eta azkarren» askatu dezaten. Edonola ere, bere zenbait gobernukidek aurretik egin bezala, ontzietan jagole militarrak egoteko aukera erabat ezeztatu zuen De la Vegak.

Lakuak «arreta» eskatu du

Presidenteorde espainolak esandakoaren bide beretik, Idoia Mendia Lakuako eledunak adierazi zuen instituzioen lehentasuna dela Bermeoko ontziaren eskifaia «salbu» etxeratzea, eta gaineratu zuen ez dela unea arrantzaleen segurtasunaren gainean «eztabaidak irekitzeko» edo inori ezer aurpegiratzeko.

Lakuako Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Unzaluk, bere aldetik, «arretaz» jarduteko eskatu zien atzo hedabideei, eta informazioa ematean kontuz ibiltzeko galdegin zien, «eskifaiakoen senideek dagoeneko sufritzen ari direna baino gehiago pairatu ez dezaten». Prentsa ohar batean, arrantzaleen senideen «pribatutasuna» bermatzeko eta bahituen egoera zail dezakeen daturik ez emateko eskatu zuen.

Senideen lasaitasuna baino, segur aski kontrakoa eragingo zuen iragan igandean Armada espainolak bahitzaileetako bi atxilotu izanak. Bi somaliarrak Madrilera eramateko galdegin zuen Baltasar Garzon epaileak, eta litekeena da militar espainolek datozen ordu edo egunetan espainiaratzea.

Bitartean, «Alakrana»ren auzia eztabaida politikoaren erdian kokatu da, eta EAJ eta PP bezalako alderdiek Gobernu espainolari aurpegiratu diote arrantzaleen segurtasuna bermatu ez izana. Atzo, Josu Erkorekak, talde jeltzaleak Madrilen duen eledunak, adierazi zuen ez duela «zalantzarik» izango behar izanez gero Defentsa ministro Carme Chaconen dimisioa eskatzeko.

erreskateA

Hainbat hedabidek atzo zabaldu zuten «Playa de Bakio» ontziagatik ordaindutakoa baino gehiago eska dezaketela «Alakrana» atzeman duten piratek -miloi bat eurotik gora, beraz- aurrekoa baino berriagoa delako ontzia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo