GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

«Herrian piztutako giroak ilusio handia egiten digu»

p035_f01_20752.jpg

Aitor Zulaika

Lagun Onak futbol taldeko entrenatzailea

Egun handia da gaur Azpeitian. Herriko taldeak, Lagun Onak-ek, alegia, Kopako partida izango du 19.30etik aurrera, Alcorconen aurka. Madrildarrak Bigarren B Mailan daude, azpeitiarrak baino maila bat gorago; baina hau gaindituz gero, gipuzkoarrek Lehen Mailako talde bat izango lukete aurrez aurre, eta Aitor Zulaika entrenatzailea, gainerakoak bezalaxe, ilusioz gainezka dago.

Jon LEUNDA

Aitor Zulaikaren izena bolo-bolo dabil aspaldian. Entrenatzaile azpeitiarra lan bikaina ari da egiten herriko taldearekin. Iaz ia Bigarren B Mailara igo ziren, eta aurten Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera ederra dute.

Nola bizi izan duzue gaurko partidaren atarikoa?

Ilusio handiarekin, eta horretarako arrazoi ugari daukagu. Hasteko, lehiaketa ezberdin bat da, aurkaria ere ez da gure aurka aritzen, eta guretzat berria da. Herriko giroa ere aipatu behar dugu, sekulako ilusioa piztu baita Azpeitia osoan.

Kanporaketa hau gaindituz gero, hurrengoan Lehen Mailako talde baten aurka neurtuko zinateketela jakiteak ere bultzada handia eman behar du, ezta?

Bai, baina nik uste dut partidaz partida joan behar dela. Nire ustez, lehenengo, biharko [gaur] partidan baino ez dugu pentsatu behar, hori gainditu behar baitugu hurrengo kanporaketa jokatzeko, eta hori bakarrik izan behar dugu buruan.

Zuk esana da Liga dela zuen eguneroko ogia, eta Kopa, berriz, larunbatetan har daitekeen «kubata» bat dela. Halako partidetan hori dena jokalarien buruan sartzea ez da erraza izango.

Garbi dago. Dena dela, gure erronka Ligan dago, eta hori garbi izan behar dugu. Kopa lehiaketa polita da, eta Lehen Mailako talde baten aurka jokatzea lortzen badugu, sekulakoa izango da, baina garbi izan behar dugu gurea zer den. Egia da, honelako aukera baten aurrean hori dena garbi izatea ez dela erraza, azken batean, herrian partida honetaz asko hitz egiten baita, eta nahi izan gabe ere, burua Kopan izatea ez da arraroa.

Gipuzkoako hiru talde profesionalak lehiaketatik kanpo daude. Herrialdeko ordezkari bakarra zuek izatea ere garrantzitsua izango da.

Bai, bai, dudarik gabe. Herrialdeko lehen taldeak azken urte hauetan Kopan ez darama bide ona, baina bai Eibarrek eta bai Real Unionek ere balentria handiak egin dituzte azkenaldian, eta dudarik ez dago lehiaketa hau oso polita dela denentzako.

Zer dakizue aurtengo Alcorconi buruz?

Talde handia egin duela. Helburua Bigarren Mailara igotzea da, eta eskarmentu handiko jendea dute. Lehen eta Bigarren mailetan ibilitako batzuk badituzte. Gero, baloia behetik jokatzea gustatzen zaie, eta atzealdean, berriz, jende handia dute.

Iaz Hirugarren Mailan Liga irabazi zenuten, eta aurtengo hamaikakoa ia berdina da. Hala ere, Liga hasiera ez da ona izan. Bigarren B mailara ez igotzeak eta orain Kopan izateak zerikusia izan al du?

Bueno, egia da Torrelavegaren aurka zaplazteko handia jaso genuela, ia igota geundela igo gabe geratu ginelako, baina aurtengo hasiera honek ez dauka horrekin zerikusirik, hori gaindituta daukagulako. Kopak zerikusia izan zuen lehen bi partidetan, nahikoa despistatuta harrapatu gintuelako. Garbi dago Liga ez dugula ongi hasi, baina areatik areara askotan aurkaria baino gehiago izan gara; baina, gero, area barruan besteak hobeak izan dira. Hori guk aldatu beharko dugu, eta horri buruz aritu gara hizketan, eta garbi daukagu zer egin behar dugun.

Gaurko partidaren aurrean zer esango zenieke zaleei?

Hiru gauza esango nizkieke. Hasteko, Garmendipera etortzeko esango nieke, ahalik eta gehien etortzea komeni zaigu. Gero, ongi pasatzeko esango nieke, eta azkenik, taldea bultzatzeko. Cerro de Reyesen aurka bigarren zatian erruz bultzatu zuten, eta uste dut aspaldiko urteetan jokalariek ez zutela horrelako bultzadarik sentitu. Kanporaketa horretan bigarren zatian jokalariek atera zuten kasta horren errudunak zaleak izan ziren, partida hura irabazteko oso garrantzitsua izan zen, eta seguru nago, herrian bizi den giroarekin, gaur ere horrela izango dela.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo