GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Sustraietara jo gabe, zer espero dute?

Argi baino argiago daukat lehorrean gauzak nola edo hala konpondu gabe ez dagoela itsasalde hartako gorabehera bortitzak «konpontzerik». Sustraietara jo gabe ez dagoelako inon eta ezertan konponbide seriorik

Somaliako kostaldean gero eta latzagoa dirudien pirateria arazoaren sorburua lehorrean, herrialde hartako lur idor eta odolduan, eta han soilik, dagoela esaten ez nintzateke ausartuko. Besteak beste, arazoaren sustraiak asko eta nahasiak direlako. Eta ezinezkoa delako lehorrean azken hogei urte hauetan gertatzen ari den gerra ia etengabeak bertako itsasgizonen bizimoduan eta inguruko itsasaldeetan eragin dituenak bereiztea. Eta auzian esku hartzen dutenetako bakoitzaren diskurtsoan zer den egia eta zer iruzurra bahetzeko liburu bat idatzi beharko litzatekeelako, gutxienez... Baina argi baino argiago daukat lehorrean gauzak nola edo hala konpondu gabe ez dagoela itsasalde hartako gorabehera bortitzak «konpontzerik». Sustraietara jo gabe ez dagoelako inon eta ezertan konponbide seriorik.

Alabaina, itxura guztien arabera, horixe da herrialde ahaltsuenek, Europar Batasunetik edota Estatu Batuetatik hasi eta Errusia, Txina edota Indian amaituz, egin nahi dutena: Somaliako lehorreko liztor-habiari kasurik egin gabe haren kostaldean, Ekonomia Eremu Esklusibotik at behintzat, «normaltasuna» ziurtatzea, bai itsaso-merkataritzarako eta bai arrantza edo denborapasako itsasketarako. Xarmanta benetan ateraldia.

Ikusten denez, «nazioarteko komunitatea» jabetu bide da «gerra asimetrikoa» deitu denaren benetako koska zertan datzan: lehoia eta liztorraren arteko gatazkak direla alegia. Indarrei dagokienez, ez dago konparazioak egiteko modurik ere, bien arteko desorekaren desorekaz. Baina horrek ez du ezer funtsezkorik suposatzen praktikan: bere arma guztietan barregarrienak, buztanak, bakarrik balio dio lehoiari liztorrak uxatzeko, eta noizean behin baino ez du lortzen haietako bat akabatzea... arazoa kitatzea inoiz erdietsi gabe, jakina.

Amaitu berria da gisa horretako esperimentuetako bat (lehenago egindakoen oso antzekoa) Somalian. «Nazioarteko komunitateak» ezikusiarena egin eta, bide batez, baimena ematen ziolako inbaditu zuen Etiopiako lehoiak Somaliako liztor-habia 2006ko abenduan. Baita agudo asko nagusitu ere egun gutxitan. Zertarako? Bi urte geroago, jipoituta eta ezer funtsezkorik lortu gabe isilka etxeratzeko, aldian-aldian liztorrei buztan-kolperen bat ematea hobe duela erabakita.

Hori bera erabaki zuten AEBek eta haren aliatuek 90eko hamarkadan. Baina ez zuten aurreikusi liztorrak inguruko itsasaldean ere zabalduko zirela, ezinbestez... Eta ondotxo zekitena ere, munduko gune estrategikoenetako bat zela hura, ahaztu egin zitzaiela ematen du. Indartsuenen patu tipikoena da nonbait: indarraren efikaziaren mugak non dauden antzemateko ezintasuna.

Orain, Emmanuel Todd-ek «Bushaldi» bete-betean argitaratutako «Après l'Empire» argigarrian larrugorritu zuen «mikromilitarismo teatral» horretan fedea ez dutelako erabat galdu, gerraontziz eta hegazkinez osatutako eltxo-sare militar moduko bat eraiki nahi dute munduko ahaltsuenek Somaliako kosta aurrean, liztorrek ez ditzaten gure itsasontzi baketsuak endreda. Baina liztorrek ez diote jaramonik egingo, sekula ez dutelako jakingo zein ahaltsua den lehoia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo