GARA > Idatzia > Kultura

Getxoko Antzerki Jardunaldiek 13 ikuskizun ekarriko dituzte hilaren 9tik 24ra bitarte

Aniztasuna eta kalitate irizpideak oinarri hartuta, Getxoko Antzerki Jardunaldien 27. edizioa aurkeztu dute. Ostiral honetan hasiko da eta heldu, gazte zein umeek izango dute antzerkiaz gozatzeko aukera.

GARA | GETXO

«Udazkenero bezala, Getxoko Antzerki Jardunaldiak iritsi dira, euskal antzerkigintzako produkzio onenak plazaratzeko helburuarekin». Hogeita zazpigarren edizioaren aurkezpena egin zuen atzo Getxoko Udalak eta aurten 13 konpainiaren antzezlanak ikusteko aukera izango da urriaren 9tik 24ra bitarte.

Aniztasuna lortzea da antolatzaileek izan duten helburu nagusia. Hori dela eta, bai helduei bai haurrei zuzendutako euskaraz zein gaztelaniaz egindako antzezlanak izango dira. Hala ere, lanen kalitatea ere nabarmendu nahi izan zuten aurkezpenean. Generoei dagokienez, «italiar erako kale antzerkia; komediak eta dramak; klasikoen egokitzapenak eta obra garaikideak» izango direla iragarri zuten. Horretarako 13 konpainia gonbidatu dituzten arren, 17 funtzio izango dira hiru agertokitan.

Nagusientzako antzezlanak Getxo Antzokian eraikuntza-lanak direla-eta Areetako Andres Isasi Musika Eskolan izango dira. Bertan «Lo que ellos ignoran de ellas: Good sex, good day», Erre Producciones ekoizpen etxearena; «Haritzaren azalera zehatza», Kukubiltxo konpainia beteranoaren azken ikuskizuna eta Théâtre sans Frontiéres taldearen «Juana creó la noche» lanak ikusi ahal izango dira.

Kalean ere bai

Helduentzat, bestalde, kalean ere eskainiko dira beste hainbat proposamen ere: Algortako San Nikolas plazan Gaitzerdi Taldearen «Osoko» lana eta Markeliñe taldeak eskaintzen duen «Terapia?» ikuskizuna.

Horretaz guztiaz gain, adin guztietako ikusleentzat Algortako Geltokian ere izango da antzezlanik. Trapu Zaharra taldeak «El concursazo» lana eskainiko du, eta Pikor taldearen «Ellas bailan solas» eta «On egin, mon amour, Teatro Salitrerena ere izango dira. haurrek, azkenik, txotxongiloak eta pailazoak ikusteko aukera izango dute Algortako Geltokiko plazan.

GENERO EZBERDINAK

Jardunaldiotan izango diren antzezlanak genero askotakoak izango dira: italiar erako kale antzerkia, komediak eta dramak, klasikoen egokitzapenak eta obra garaikideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo