Italia, errege izatera jokatu nahi duen jauntxo baten apeten menpe
Europako gainerako herrialdeetan ikusmin handia sortu duen epaiketak, egunotan Italian Berlusconiren zigorgabetasuna bertan behera uzteko egiten ari diren epaiketak, hasiera gorabeheratsua izan zuen. Auziaren helburua estatuburuari inmunitatea aitortzen dion legearen konstituzionaltasuna aztertzea da, Berlusconi hainbat auzibidetan nahasita dagoelako. Ondorioz, Italiako boteregune guztiak aztoratuta daude auziagatik. Aurrekariak ikusita, ezin zuen beste era batera izan. Besteak beste, epaimahaia osatzen duten 15 epaileetatik gutxienez bi uda aurretik Berlusconirekin afaltzen egon zirela jakin da orain; prostituten afera ez da isildu eta auzi hau haizatu duten hedabideak Il Cavaliereren jomuga bihurtu dira; Berlusconik epaiketa honen atzean daudenak Eliza, mafia eta ezkerra direla esan du; baina, aldi berean, herritar askoren babesa izaten jarraitzen du... Hau guztia gutxi ez eta, bere defentsa estatuburuak duen arduragatik merezi duen salbuespenean oinarritzen dela jakin zen atzo. Eta epaimahaiaren lehendabiziko erabakia Milango Fiskaltza auzitik kanpo uztea izan zen. Azken batean, hasieratik ikusi da Berlusconiren inmunitatea ez dela soilik legala.