GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Miren Arratibel Garmendia | Donostia

Guk ere ez ditugu argazkietan nahi: etxean nahi ditugu

Azkenaldian etengabeak izan dira orotariko erasoak Euskal Herrian, PSOEren paranoiak bultzatuta Ertzaintza Euskal Herrian bideratzen ari den euskal preso politikoen argazkien kontrako kanpaina dela-eta.

Manifestazioak debekatu, herritarrak mehatxatu eta jipoitu, muralak estali, argazkiak kendu... Baina dagoeneko ondotxo jakin beharko lukete bide horretatik ez dutela ezer ere lortuko.

Euskal preso politikoen argazkiak herri honetan bizi dugun eta beraiek iraunkorki elikatzen duten gatazka politikoaren ondoriorik agerikoenetakoa dira. Torturaren, dispertsioaren, espetxe politika hiltzailearen, hilketen isla dira. Baita herriak ematen dien sostenguaren isla ere. Hala, haien aurpegiak, izena, eta, batez ere, izaera politikoa ezabatu nahi dituzte, gatazkaren izaera politikoa ezkutatu eta bide polizialetik «garaipena» lortuko dutelakoan. Baina nola ezabatu gurea bezalako herri batean 700 errepresaliatu politikotik gora izatea espetxeetan eta erbestean? Eta horiei elkartasuna adierazten herri oso bat egotea atzetik?

Errealitate hori kosta ahala kosta ezabatzeko apustua egin dute. Gatazka kaleetatik «atera» nahi dute, baina ez dute lortuko, kalean jarraituko baitugu, zapalkuntza salatzen, errepresaliatuen eskubideak defenditzen eta, azken batean, amnistia eta askatasuna aldarrikatzen, denak kalean egon arte. Bide horretan, hain zuzen ere, azken erasoak salatzeko giza katea egingo dugu, asteazkenean, urriaren 7an, 19.30ean Pinares plazatik abiatuta. Esan beharrik ez dago era honetako mobilizazioetan parte hartzeak beti duela garrantzia, baina azpimarratu nahi dugu egoera honetan, eta bereziki kontuan hartuta Grosen bizi dugun jazarpena (Marruma ixteko mehatxuak, inputazioak, etengabeko jazarpena...), inoiz baino beharrezkoagoa dela auzokide guztiok hantxe izatea. Amnistiaren alde lanean jarraituz bakarrik lortuko dugulako, benetan, argazkirik gabeko Euskal Herria, preso eta iheslari guztiak etxean izango ditugun Euskal Herri bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo