Gurutze Jauregi Izagirre | Donostia
A Gripearen mamua
Hilabetetako alarma mezu erauntsiaren ostean, dirudienez, H1/N1 birusaren eragina ez da hain arriskutsua (ez da ohiko gripearen erasokortasunera ere heltzen), eta dagoeneko, ez dira hain beharrezkoak, osasun instituzioetatik bertatik ere, saldu nahi izan dizkiguten prebentzio neurriak. Hala iruditu zitzaidan niri, behintzat, honako egoerarekin topo egitean:
Ia sei hilabeteko haurdun dagoen irakaslea izanik, A gripeak jotako 6 ikasleren bajak izan dituen gelan irakastea egokitu zait. Egoeraren larritasunaren aurrean, nire anbulatorioko medikuarengana jotzea erabaki, eta hauxe izan da jaso dudan erantzuna: ulertzen duela nire ezinegona baina, Osakidetzako zuzendaritzaren aginduz, ezin duela inolako neurririk hartu.
Jakinarazi didatenez, nire kasua, luzea izango den zerrenda bateko lehena da (diabetikoak, eritasun kronikoa dutenak...) eta Osakidetzako zuzendaritza eta gerentzian galdetu ostean, laneko arrisku arloko kasu izendatu dute, eta, beraz, mutuei dagokie kargu egitea. Jakina da, noski, zein den mutuen lehentasuna langileriaren osasuna zaintzeko dirutza jarri behar duenean. Nirean (Mutualia), jakinarazi zidatenez, A gripe kasuak «pandemia» kasutzat hartu dituzte, eta ez omen dute zerikusirik laneko arrisku egoerekin.
Mutuetatik ezer gutxi espero dugu aspaldidanik, baina ez al litzateke Osakidetzaren lehen egitekoa gure osasunaren segurtasuna eta prebentzioa zaintzea? Ez al litzateke hori hobetsi behar konfiantza oso eskasa eragiten duen txertoa gomendatu ordez?
Lerrootatik eskerrak eman nahi dizkiot Donostiako Ikuskaritza Medikoari, hasieratik defendatu duelako nire segurtasunaren zaintza aipatutako laneko arrisku egoeraren aurrean.