GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Oi! biotz» erakusketa

«Figurazioaren bidez kutsu literarioa eman diot abstrakzioari»

p006_f01_148x224.jpg

Jose Luis Zumeta

Pintorea

Usurbilen jaio zen 1939ko apirilaren 19an, baina Araitz ibarrean finkatuta dago azken urteetan, neguak Argentinan pasatzen baditu ere. Abangoardiako margolaria izan da beti, eta 1960ko hamarkadan Gaur taldearen sorreran parte hartu zuen, besteak beste, Oteiza, Chillida, Basterretxea edo Sistiagarekin batera. Mikel Laboarekin ere oso harreman estua izan zuen, berak egin zizkion disko gehienetako azalak. Bere ibilbidean, aipatzekoen artean, Euskal Pinturaren lehen saria, 1967an jaso zuena.

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Bi urteko lanaren emaitza da «Oi! biotz» harribitxia. Jose Luis Zumetak, bere alaba Usoarekin elkarlanean, Arrasateko Santa Ageda ospitale psikiatrikoan argitaratzen zen «Globo Rojo» aldizkariko testuetatik abiatuta egin ditu bere marrazkiak. Orain arte bezala, abstrakzioa, figurazioa eta kolore biziak uztartzen parekorik ez duela erakusten dute 35 margolanek. Guztia, serigrafiaz eta mimo handiz josi dute liburu batean. «Lan luzea eta intentsua izan da, baita oso exigentea ere, baina nolabait erraztua, aspaldiko elkarlana dagoelako atzean. Aspalditik gabiltza elkarlanean, uste dut maila horretan nahiko ondo ulertzen dugula elkar. Gogor ibili gara honetan, nahiz eta beste lan batzuk tartekatu ditugun», azaldu zigun Usoa alabak.

150 ale egin dituzte, guztiak eskuz eta paper bereziarekin. «Teknikoki konplexuagoa da horrelako paperean lan egitea, baina emaitza askoz ere aberatsagoa da», argitu zigun Usoak. Liburu hori, orriz orri banatuta, Bilboko Arte Ederren museotik pasa ondoren, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian izango da ikusgai bihar 19.30etik aurrera, azaroaren 30era arte. Erakusketaz eta atzoko eta gaurko esperientziez hitz egiteko aukera izan genuen Jose Luis Zumetarekin.

Zer-nolako harrera izan duzu Bilbon?

Bilboko esperientzia oso polita izan da, jende asko joan da. 22.000 joan omen dira, baina noski, museo osoa ikustera. Hala ere, inpresio guztiak oso onak izan dira.

Testuekin uztartu dituzu zure margoak. Zein izan da prozesua?

«Globo Rojo» aldizkaria egiten zuen Arrasateko Santa Agedako jendeak, eta handik jasotakoak dira testuak. Aspaldikoak dira, orain 25 urte inguru jaso nituen. Testutik abiatuta margotu dut, baina nik ere nire lana azaldu nahi nuen, nire estiloa edo nire egiteko era. Orduan, pixka bat erdibanatua izan da: testuari lotu, gero pixka bat alde egin, gero berriro lotu... horrela ibili naiz.

Testuak idatzi dituztenekin izan al duzu inolako harremanik?

Pertsonalki ez. Aspaldiko testuak dira eta ez ditut ezagutu. Izen batzuk badakizkit baina besterik ez. Ospitalera liburua eramatera joan nintzenean zuzendaritzari eman nion, noski. Hango jendea eta giroa zertxobait ezagutu nuen, baina ez nuen galdetu ea hauek bizi diren edo ez... Gogor samarra egiten zitzaidan. 25 urteren ondoren, gutxi geldituko dira, segur aski.

Jarraitzen al dute aldizkariarekin?

«Globo Rojo» bera ez da argitaratzen baina antzerako proiektuak badituzte, literatura eta pintura mailan. Nik uste, liburua eraman nienean, pena edo hartu zutela orain ez jarraitzeagatik. Beraiek esan gabe, sentsazio hori eman zidan.

Margoei begiratuz gero, orain arteko estiloari fidel jarraitzen diozula esan daiteke: abstrakziotik urrundu gabe eta figurazioarekin jolastuz.

Kasu honetan uste dut figura gehiago sartu dudala. Liburua den bezala izanda, esan daiteke, literatura kutsu bat azaldu nahi nuela eta horrela eman diot. Azkenean, irakurketa literario moduko bat bihurtzen da. Figurak horregatik azaltzen dira gehixeago. Historiak mundu guztiak ikusten ditu baina abstrakzioan hori guztia itxiago gelditzen da.

Ezin aipatu gabe utzi koloreak. Garrantzi handia eman diezu oraingoan ere.

Bai, kolore bizi-biziak, betidanik egin dut horrela. Gainera, serigrafia prestatzean, honek koloreak bizitu egiten ditu, intentsitate handiagokoak egiten ditu, beste edozein teknikak baino gehiago.

Atzera begiratzeko eskatuko nizuke. Nola gogoratzen dituzu pinturan zure lehenengo pausoak?

Hamabost bat urte izango nituen pintura ezagutzen hasi nintzenean: ikusten, ikasten... Eta segituan aukeratu nuen pintore izan nahi nuela. Karnetean berehala jarri nuen: «artista pintor», sinatzeko. Horretan ibiltzen nintzen, baina beste lan batzuk egiten ere bai. Urte askotan ez nuen ezer saldu eta denetik egin behar: erakusmahaiak muntatu ferietan, kartelen bat, zinemaldiko pankartak pintatzen ere egiten nuen lan -orduan eskuz margotzen ziren pankarta guztiak-. Hilabete batzuetan lan horiek egiten, besteetan pintatzen... Denetarik.

Ez ziren garai errazak izango.

Ez, gainera orduan pintura oso gutxi baloratzen zen. Eta nik egiten nuen pintura gutxiago oraindik. Nahiko aurreratua zen hemengo girorako.

Egoera horrek bultzatu al zintuen kanpora irtetera?

Bueno, kanpora, batez ere, ezagutzeagatik irten nintzen. Gainera, ez nuen denbora gehiegi egin. Joan-etorrian ibili nintzen asko, urte eta erdi, bi urte inguru. Parisen, Ingalaterran, Eskozian...

Eta bueltatzerakoan, jendeak ez zuen onartu, ala akaso, ez zuen ulertu zure lana?

Oso jende gutxi zen nik egiten nuen pintura horretan interesa jartzen zuena, oso gutxi. Baina ni bezala bazeuden beste batzuk ere: bai Balerdi, bai Sistiaga, bai Amable... Horiek denak egoera berdinean zeuden.

Agian horregatik etorri zen Gaur taldearen sorrera... Indarrak batzeko edo?

Gaur-en planteamendua Oteizarena zen oso osorik. «Frente cultural vasco» eta horrelakoak bereak ziren. Nolabait, zentzu politiko bat zuen. Hemen egiten zen pintura, kolore ilunak, kostunbrismoa, paisaiak, baserritarrak... Gaur-en bitartez gurearen maila berdinean jarri genuen. Guk gora egin genuen eta jendea gure lana onartzen hasi zen, besteak ere bai, noski. Ordura arte gurea zeharo azpian zegoen, ahaztua, utzia, mespretxatua. Une horretatik errespetu gehixeago izan zuen jendeak eta bi egiteko erak, nolabait ere, ontzat ematen hasi ziren.

Obra onenak garai zailenetan sortzen direla diote. Zuena, garai hartan, nolabaiteko erantzuna izan zen. Gaur egun, artistikoki edo maila kulturalean, ikusten al duzu halako mugimendurik?

Gaur egun askoz gehiago dagoela uste dut. Orduan lau katu ginen, eta alde batetik, askoz errazagoa zen bakoitza aurrera irtetea, edo behintzat, izena ezagutzea. Bestetik, aukerarik batere ez zegoen, erantzuna oso eskasa zen. Orain, berriz, erantzun gehiago dago, baina artista asko. Bi aldeak dira oso konplikatuak. Gurea zaila zen, baina gutxi ginen; eta orain errazagoa da, baina hainbeste jenderen artean oso zaila ikusten da.

Zer iruditzen zaizu egun egiten den artea?

Hain nahastuta dago, hainbeste motatako gauzak ikusten dira, bata bestearengandik zeharo ezberdinak... Oso irekia dago mundua. Edozein gauza, ondo egina bada, balekoa da. Lehen, berriz, denak ildo bat jarraitzen zuen, askoz ere konkretuagoa. Modak agintzen zuen. Orain edozer gauza uler daiteke: figuratibo fotografikoa, abstraktu hutsa, erdi bidea, espresionismoak... Den-dena irekia dago. Berdin da edozein gai edo egiteko era. Gainera orain, elementu berriekin, direla ordenagailuak edo beste tresna batzuk, posibilitateak izugarri ugaritu dira.

Zu zeu, nola moldatzen zara teknologia berriekin?

Batere ez, batere ez, «enemigos totales y opuestos». Hasi nintzen eta utzi, eta berriro hasi, eta utzi... Batere ez.

Artearen munduan hasten ari direnak nola ikusten dituzu?

Askoz ere prestatuago daude, batez ere, teoria aldetik. Teknika aldetik, zer esanik ez. Baina presa gehiegi ere badute, segituan nahi dute estilo bat hartu eta hori garatu, eta estiloa ez da markatu behar behin ere, estiloa, berez, ezinezkoa da ez edukitzea. Ez da leku batean finkatu behar, logotipo bat bezala, `nik horrela egiten dut' eta beti berdin. Hori ezinezkoa eta aspergarria da.

Krisia besterik ez dugu entzuten bazter guztietan. Zure inguruan eraginik izan al du?

Guk ere krisi asko pasa ditugu, hau beste bat, ez da oso garrantzitsua niretzat. Alde batetik, ona da. Oparoaldian, jende asko hasten da, «vacas gordas!». Eta gero, krisiak nolabait garbitu egiten du ingurua, hautaketa bat egiten du. Garrantzitsua da benetako ofizioa daukana mantentzeko, eta besteak, berriz, kanpoan gelditzen dira.

Krisiak krisi, urteak joan, urteak etorri, zuk sortu eta sortu jarraitzen duzu.

Hala da, bai. Nik uste, gainera, inoiz baino gehiago ari naizela.

Duela urtebete inguru, erakusketa handi bat egiteko asmoa aipatu zenuen. Zertan da proiektu hori?

Gustura egingo nuke. Horretarako leku berezi bat beharko nuke, ordea. Edozein lekutan egitekotan ez. Oraindik ez zait atera horrelako aukerarik. Ez dit betarik ere eman, egia esan. Oraintxe daukat koadro pilo bat, orain arte ez neukan erakusketa handi bat egiteko adina. Datorren urteari begira edukiko nukeela uste dut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo