«Jendeak abantaila dela uste arren, nik agian nahiago nuke beste nonbait jokatzea»
Aspeko pilotaria
Lehen Mailako txapelketa batean etxean debutatzeko ohorea izango du Aritz Lasak etzi, gainera Lau eta Erdikoa zabalduko duen partidan. Ohorea eta erantzukizuna etxean jokatzeak karga psikologiko handia izan dezakeelako. Partidaren atarian, «ingurukoak baino lasaiago» omen dago urretxuarra.
Jon ORMAZABAL
Horren ondo ezagutzen duen Ederrenan Alberto Ongayrekin entrenamendu gogor bat egin ostean hartu du GARA Aritz Lasak.
Pixkanaka heltzen ari da egun handia, urduri?
Ni lasai nago, baina inguruko jendea uste dut ni baino urduriago dagoela. Azken egunean, goizetik izango dut korapilo hori, baina tira, nahiko ondo. Aurkezpen eguna ere oso desberdina izan zen, komunikabide piloa, jende desberdina... Ez zaizkigu halakoak gehiegi gustatzen, baina pasa egin behar.
Aukeratzeko moduan izanez gero, Ederrenan jokatuko al zenuke lehen partida hau?
Nik nahiago nuke beste nonbaiten jokatu. Jendeak esaten du abantaila izan daitekeela hemen jokatzea... ondo hasiz gero, bai, jendea zure alde dago eta motibatuta zaude, baina gaizki joanez gero, okerrerako izan daiteke. Ez dago jakiterik, irabaziz gero, oso polita izango da.
Ezin esan zozketan zorte handirik izan zenuenik, Iker Arretxe aurkari gogorra izango da.
Bai hala da, agian ez du erritmo handiegia jartzen, baina oso pilotari gogorra da. Iaz ere partida oso onak egin zituen, fisikoki, oso indartsu. Zubieta kanporatu eta Pablo Berasaluzeren aurka tanto bakar batez galdu zuen, eta aurten ere halatsu egongo da. Bere aitak bezala, burua oso garbi duela jokatzen du.
Zer egin beharko duzu irabazi ahal izateko?
Lehenengo dominatu eta aukera daukadanean bukatzen ahalegindu. Ezin dut berarekin piloteoa luzatzera sartu. Kolpez eta indarrez uste dut gehiago izan naitekeela, baina ea kantxan hori islatzen den.
Asteburuan Oñatin jokatzekoa zinen, baina azken orduan karteletik erori zinen. Hatzetako minak erabat ahazturik?
Eskuetatik ondo nago, gaur ere entrenamendu gogorra egin dut, arazorik gabe. Jokatzeko ondo nengoen baina badaezpada ez jokatzea nahiago izan nuen. Aurreko astean ere bi entrenamendu on egin nituen. Alde horretatik ez dago aitzakiarik. Titare batekin jokatu behar dut, baina segurtasun kontua da.
Kaiolan ondo moldatu izan zara beti: afizionatuetan bi Elite irabazi zenituen eta Frontisekin Nagore espezialistari Nafarroako txapela irabazi zenion.
Gogoko dudan modalitate bat da; albotik asko jokatzen dut, binaka ere postura horietan sartzen naiz, pilota asko moztuz. Niretzat distantzia egokia da, baina gero ikusi egin behar. Nagoreri irabaztea garrantzitsua izan da, lau eta erdiko espezialista handi bat izan da, eta oraindik ere izaten jarraitzen baitu. Oso ondo atera zitzaidan dena; ea ostiralean ere hala den.
Afizionatuetatik saltoa ematea kostatu zitzaizun, baina Aspen urtebete baino lehenago lehen mailako txapelketa batean sartu zaituzte, espero al zenuen?
Ez nuen espero, baina ondo ibiliz gero, eta maila emanda, aukerak iristen dira. Uda nahiko ondo ibili naiz, eta aukera hau iritsi da. Egia da beste askori baino gehigo kosta zitzaidala afizionatuetatik jauzia ematea, txapelketak irabazi nituen, baina inork ez zidan deitzen eta azkenean Frontisek eman zidan aukera. Zorte ona izan dut, Frontis niretzat tranpolin bat izan da eta orain aukera aprobetxatu behar dut.
Bi errealitateak bizitakoa zarela, Aspe edo Asegarce eta Frontisen artean dagoen aldea komunikabideetan duten oihartzunaren artean dagoena bezainbesteko al da?
Aldea izugarria da. Hemen pilotari asko dago, presioa ere askoz handiagoa da, jende gehiagok ikusten zaitu, apustuak daude, Eibar, Labrit, Tolosa eta antzeko frontoietan jokatzen duzu... egia esan, beste mundu bat da. Hori bai, pilota mailan han ere pilotari oso onak daude, edonork irabaz zaitzake, edozein afizionatu etorri, eta irabazi ahal dizun bezala.
Zertan egin du gora Aritz Lasak azken hilabeteetan?
Egonkortu egin naizela uste dut. Binakako txapelketan hiru partida galdu genituenean zalantza batzuk izan genituen, baina gero gogoa jarri, konfiantza hartu eta uda polita egin dut. Dakidana orain egiten hasi naizela nabaritzen dut, kantxara lasaiago irteten naizela iruditzen zait.