GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Zerutik baino irakurri ezin diren mezuak

Eta zuk begiratzen al duzu noizbait zerura? Eta zergatik? Galdera txatxuak, ezta? Izan ere, azkenaldian zerura begiratzea modan dagoela iruditzen zait. Madrildarren «bihozkadaren jaian» mosaiko izugarri bat marrazten saiatu ziren milaka eta milaka lagun. Zerutik ikusi beharreko mosaiko horietako bat. Badakizu, koloretako kartulinak buruaren gainera igo, eta itxoin helikoptero batetik norbaitek argazkia atera arte.

Duela aste batzuk, EAJren Forondako Alderdi Egunean ere antzeko zerbait egin zuten. Erronka: ikurrin erraldoi bat marraztea. Azkenean, 17.000 metro karratukoa jostea lortu zuten. Eta han egon ziren milaka lagun kartulina zuria, gorria edo berdea -bakoitzak egokitzen zitzaiona- buru gainean eutsi eta kieto, helikopteroa pasa zain. Eta akordatu naiz joan den urteko urrian ere antzeko zerbait egin zutela. Gernikan, Zornotzan, Durangon, Urkiolan, Legution eta Gasteizen banatu zituzten kartulinak. Ez ikurrina osatzeko, hitzak osatzeko baizik; «Euskal Herria, bakea bai, erabakia bai». Horixe orduko leloa. Zerutik irakurri beharrekoa hori ere.

Mezu horiek ez dira lurtarrentzat, zerutiarrentzat baizik. Eta hortxe nire zalantza. Zergatik jartzen dira zerura begira? Lurtarrengan konfiantza guztia galdua dutelako jartzen al dira zerura begira? Zerukoei eskatzea beste irtenbiderik ez ote dute ikusten? Benetan tristea litzateke hori, desesperazioaren seinale bailitzateke. Beste aukera bat ere bururatu zait. Asterix eta Obelixen herrikoek, galiarrek, gauza bakar bati diote beldurra: ez ote zaien zerua buru gainera eroriko. Horregatik ibiltzen dira batzuk beti ezkutua buru gainean hartuta, badaezpada. Batzuk ezkutuarekin babesten dira eta, besteak, kartulinarekin. Hori ere izan daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo