GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lekunberriarrak, Pilareko Andre Mariaren jaietako suziria jaurtitzeko prest dira

Gaur hasi eta astelehena bitartean ospatuko dituzte Lekunberriko jaiak. Ohiko ekimenez gain, aurtengo berritasunen artean Iruñeko sanferminetako entzierroaren simulazioa egingo dutela nabarmendu du Udalak.

p017_f02.jpg

GARA

Suziria iluntzeko zortzietan jaurtikiko dute, gisa honetan Pilareko Andre Mariaren jaiei hasiera emanaz; baina aurretik hasiko dituzte jaiak, herriko erretiratuek bazkaria egingo baitute eguerdian, musikaz lagunduta. Jaiei ofizialki hasiera emanda, gauean Iraunkorrak fanfarreak alaituko ditu herriko kaleak, gaueko hamarretan gazteek egingo duten afariaren aurretik.

Gaurkoaren ostean, lekunberriarrek beste lau egun izango dituzte, jai egitarau oparoarekin. Biharkoa Gazteen Eguna da, baina herritar guztiek izango dute urdailari goxatua emateko aukera. Goizean, tortilla patata lehiaketa egingo dute, 11.30ean. Ez dago osagaien gaineko arau zorrotzik, «nork bere erara eta bere sekretua baliatuz egindako tortilla aurkez dezake». Horrez gain, Pintxoaren Eguna izango da bihar Lekunberrin, eta herritarrek 19.00etatik aurrera tabernariek eskainitako mokaduez gozatzeko aukera izango dute.

Patxi Centeno Kultur zinegotziak ohartarazi duenez, hirugarrenez egingo da herriko tabernariek antolatzen duten ekimen hau jaietan. «Taberna batzuek pintxoak edariaren truk eskaintzen dute, eta beste batzuek, berriz, erabat dohainik ematen dituzte», azaldu du. Herriko taberna ia guztiek parte hartzen dute, «astegunez ere herriko jendea jaietan murgil dadin helburua duen» ekimen honetan.

Asteburuan musikarekin, haur jolasekin edota kirolarekin erlazionatutako makina bat ekimen eta ikuskizun izango dira herrian. Nabarmentzekoak dira larunbatean egingo duten Ajoarriero lehiaketa urteen poderioz lortu duen sonagatik, baita igande arratsaldean 16.30ean izango den goitibehera lasterketa ere. Gauetan berriz, musikak hartuko du txanda: larunbatean, Chuchin Ibañez eta Tximeleta taldea; eta igandean, berriz, Abiba disko jaia.

Patxi Centenok nabarmendu duenez, ordea, astelehenean iritsiko da aurtengo jaietako berritasun nagusia: sanferminetako entzierroaren simulagailua, alegia. Sanferminetako entzierroko korrikalariek dituzten sentimentu eta sentsazioen antzekoak bizitzeko aukera izango dute astelehenean, arratsaldeko bostetan Udaletxeko plazara bertaratzen direnek; izan ere, korrika zintaren gainean egingo badute ere, betaurreko berezien bitartez Nafarroako hiriburuko kaleak agertuko zaizkie aurrean.

Ordu berean, aitzur jaurtiketa lehiaketa egingo dute erreka ondoko anfiteatroan, eta afizionatu mailako pilota partidak ere antolatu dituzte. Jaiei amaiera emateko, haurrek txokolate eta txurro jana izango dute.

Ajoarriero

Urteen poderioz sona hartu duen ekimena da Ajoarriero lehiaketa. Larunbatean ospatuko da eta 14.00ak arte izango da platerak aurkezteko epea.

haurrak

Bihar Gazteen Eguna izango da, eta herriko txikiek ere, Udaletxe aurrean, dela «alfonbra hegalaria», dela «astotxoa», izango dute non aukeratu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo