Mosku «ustelkeria eta nepotismoaren» hiriburua da Luzhkoven aginpean
Oposizioko kide batek argitaratutako txosten bat dela medio, Moskuko alkate Yuri Luzhkov-ek eta haren emazte Elena Baturina-k eraikuntza lanen inguruan eratutako ustelkeria sare baten zurrumurruak zabaldu dira, Errusiako hiriburuko udalbatza osatzeko bozen atarian.
GARA
«Ustelkeria eta nepotismoa»: Moskuko alkatetzarako hauteskundeen bezperan, kritika ugari jasotzen ari da egun bertako auzapeza den Yuri Luzhkov. Agintean daramatzan 17 urteetan zehar (legealdia 2011n amaituko da) boterea eta dirua nahasten dituen sare iluna eratu izana leporatzen diote.
Errusiako hiriburuko biztanleek igande honetako bozetan aukeratu beharko dituzte udalbatzako kideak, baina Luzhkoven dimisioa eskatzen duten hautagaietatik bakar batek ere ez du bozetara aurkezteko baimena lortu.
Nolanahi ere, 73 urteko alkate honek ezin izan dio ihes egin ustelkeria kasuetan parte hartu izana leporatzen dion kanpainari. Elena Baturina, 46 urteko emazteak, Moskuko eraikuntza enpresa nagusietako bat zuzentzen du, Inteco, 2008an ia mila milioi euroko negozio bolumena izan zuena.
Ustezko ustelkeria kasu horiek oposizioko kide den Boris Nemtsovek argitaratutako txosten baten bidez egin ziren publiko. Mosku munduko hiririk garestiena eta ustelena bihurtu izana leporatu zion Nemtsovek Luzhkovi.
Moskun, ustelkeria, «arazo» izatetik «sistema» izatera pasatu dela salatu zuen oposizioko politikari horrek, Baturinaren negozioak gogora ekarri zituelarik. Izan ere, Nemtsovek salatu zuenez, 2007. urtean alkatearen emazteak 23 hirigintza proiektu kudeatu zituen, 13.000 hektareako azalera hartzen zutena.
«Hain da handia Batourinak Moskun duen eragina, ezen edozein proiektu garrantzitsu ezin den aurrera atera bere onespenik gabe», adierazi zuen Chalva Tchiguirinski-k, Errusiako hiriburuko hirigintzan pertsonaia garrantzitsua izan zenak, zorrek itota Britainia Handira ihes egin behar izan zuen arte.
Beste eraikuntza enpresa bateko arduradunak AFP agentziari azaldutakoaren arabera, «enpresaren batek kontratu bat lortuz gero, eta Baturinari proiektu hori erakargarri egiten bazaio, berak jartzen du diruaren zati bat, eta hori onartu ezean, proiektua pikutara joango litzateke».
Sistema desegitera
Bertako komunikabideen arabera, Gobernu errusiarrak (haiek aukeratzen dute hiriburuko alkatea) ustelkerian aditua den polizia bat jarri dute Moskuko Poliziaren buru, Luzhkoven sistema desegin dezan.
Zurrumurruak zurrumurru, oposizioko kideek ez dute uste Luzhkov kargutik kenduko dutenik. Izan ere, «boterea sistema guztia hondoratuko den beldur da» baieztatu zuen Pravoe Delo alderdi liberaleko buru den Leonid Gozmanek.
Levada institutu independenteak argitaratu berri duen inkesta baten arabera, berriak ez ditu moskutarrak harritu eta %66k «ustelkeria zurrumurruak» sinesten ditu.