Buenos Airesko haize freskoa ekarriko du aurten Translatines antzerki jaialdiak Iparraldera
Argentinako antzerkia izango du protagonista aurten lehen aldiz biurteko bihurtu den Translatines jaialdiak. Urriaren 19tik 24ra hamar antzezlan eskainiko dira Baiona eta inguruetan.
Idoia ERASO | BAIONA
Lapurdi aldera Latinoamerika eta Iberiar Penintsulako antzerki arloko azken berritasunak hurbiltzen dituen Translatines jaialdiak 23. edizioa ospatuko du aurten. Arazo ekonomikoak direla-eta, biurteko bihurtu dute Translatines. Jaialdiaren zuzendari Jean-Marie Broucaretek antolatzeko denbora luzeagoa izateak hausnarketarako eta hautatutako herrialdearen errealitatea sakonago ezagutzeko aukera ematen duela nabarmendu nahi izan zuen.
Aurten, Argentina eta bereziki Buenos Airesko antzerkia izango da protagonista, aurkeztuko diren hamar antzezlanetatik zazpi hangoak izango baitira. Gainerako gonbidatuak Boliviako Teatro de los Andes eta Kataluniako Lliure taldea izango dira. Bestalde, jaialdiaren antolatzaile den Chimères konpainiak «Copirécup» antzezlana aurkeztuko du. Azken lan hau Atlantikoaz haraindi datozen artistei keinu bat egiteko aukeratu dute, izan ere, Eva Peron du protagonista eta kokagunea Argentina du.
Astebetez Baiona izango dute topagune Latinoamerikako antzerkia gustuko dutenek. Aspaldiko legez, Bokalek eta Angeluk ere hartuko dituzte hainbat ekitaldi. Aurtengo berritasuna, aldiz, Biarritzen parte-hartzea izango da. Hiriko antzoki nagusia izango da harrera toki. Gare du Midiko oholtzan izango dira bai antzezleak, bai eta ikusleak ere, Daniel Veronese konpainiak Buenos Airesen agertoki gisa erabili ohi duen etxeko jangelaren itxura emateko.
Tangoaren oihartzunak
Argentinako antzerkiaren bizitasunaren erakusgarri diren lanak ikusi ahal izango dira Baiona aldean. Eduardo Pavlovskyk gerra zikina izan zenean bahitutako haurren gaia ardatz duen «Potestad» lanarekin helduko da.
Txotxongiloentzako tokia ere izango da, ikusleekin elkarrizketan aritzeko «En camino» lanean. Bulego batean bizi direnen istorio pertsonal ezkutu eta gogorrak erakutsiko ditu Timbre 4 taldearen «Tercer cuerpo» lanak.
Broucaretek bere lanik gustukoena dela adierazi zuen Maricel Alvarez eta Emilio Garcia Wehbik eskainiko duten «Dolor exquisito» aurkeztean. Bihotzeko minen nondik norakoak aurkezten ditu goxotasun handiz eta umorez. Azkenik Patron Vazquezen «Buenos Aires»ek hiriko gizartearen erretratua irudikatuko du.
Marcos Lopez argazkilari handiaren lanak Baionako merkatuko hormetan izango dira hainbat astez. Artistak jarritako baldintza bakarra argazkiak denek ikusteko moduan izatea izan da.
Translatines jaialdia urriaren 19an hasiko da, baina hilaren 15etik aurrera giroa berotzeko hainbat ekitaldi antolatuko dira. Hasiera Angelun egingo den irakurraldi batekin emango zaio.
Inprobisatzaileen gaua izango da urriaren 16koa, Baionako Atalante zinema aretoan. «Payadorea bertsutan» gaualdian bertsolari batek eta Argentinako payadore batek inprobisatutako elkarrizketa izango dute elkarrekin. Batak euskaraz botatakoei besteak gaztelaniaz erantzungo dio; hizkuntzaren mugak alde batera utzita bat-batekotasunari tokia egitea dute helburu.I. E.