Haurrentzako liburu bana plazaratu dute Valverdek eta Arangunerenek
GARA | DONOSTIA
Mikel Valverde izatez margolaria bada ere, istorioak ilustratzeaz gain, idazten hasi, eta Rita neskatila protagonista duen bilduma sortu zuen. Atzokoan, bilduma horretako ale berria aurkeztu zuen; «Rita eta hilobi-lapurrak». Ritaren beste abentura bizi-bizi bat kontatzen du liburuan, baina, oraingo honetan, Egipton kokatutakoa eta sekretuz betea. Rita Egiptora joan da opor egun batzuk igarotzera eta indusketa arkeologiko batean lanean ari den osaba Danielekin elkartzeko asmoa du. Baina Rita, berak jakin gabe, lapur-talde bati elkartuko zaio, osaba bilatzen ari den altxor berberak lapurtu nahi dituena.
Bestetik, Jorge G. Arangurenek «Xomorroak ate azpitik» aurkeztu zuen, Elkarrekin argitaratua hau ere, eta haur literatura lantzen duena. Krokodiloa, otarraina, xomorroak, armiarma, zozoa eta Miru Jauna dira ipuin liburu honetako protagonistak. Ipuin laburrok alegiak ekartzen dituzte gogora, animalia horien ibilerak halakoxeak baitira. Garai bateko alegiak ez bezala, irakaspen moralik emateko asmorik gabe idatziak dira, ordea, eta irakurleengana hurbiltzeko hizkera aberats eta jostaria dute.