NDFren eta MBren Istanbulgo goi bileran, neurri gutxi eta errepresio handia
Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren goi bilera, atzo amaitu zena, G20koen gailurraren bigarren atala izan dela esan liteke. Bigarren atala, baina ez jarraipena, ez baitute neurri berririk adostu, lehenengoan iragarritakoak errepikatu baizik ez eta promes ugari egin, esate baterako, garapen bidean dauden herrialdeei ordezkaritza handiagoa -%5erainokoa- ematearen alde agertu ziren, joan den urtean onartu zieten %2,7koa oraindik indarrean ez badago ere. Bestetik, krisi ekonomikoaren amaiera gertu dagoela berretsi bazuten ere, ez dirudi gehiegizko konfiantza dutenik, pizgarriei eutsi beharra azpimarratu baitzuten; izan ere, ernamuin berdeak burbuila beltz bihurtzeko arriskua sumatzen dute. Kapitalismoaren «birfundazioa», hartara, krisi hasierako deklarazio haietan gelditu da, AEBetan eta Europan finantza sisteman aldaketak egiteko neurrien zain, paradisu fiskalen desagertzearen iragarpen arranditsuan... Berririk ez, beraz, Istanbulgo goi bileran. Eta aldaketarik ez, iruzur erraldoi horren erantzuleen aurrean protestan ari direnen kontrako errepresioari dagokionez ere, horretan ez krisiak ez krisiaren amaierak ez baitute eraginik.