GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Somalia

Somalian, hildakoen begiak betetzen dituen euliak daude eta, lantzean behin, gure telebistetan ere ikusten ditugu. Orduan bihotz oneko andre gizonei «pobres negritos» esaerak ihes egiten die ezpainetatik

Somalia, Afrika osoa bezalaxe eskuaira, kartaboiaz eta marrazketa-lumaz marraztuta dago, marra zuzen-zuzenekin. Beraz, Afrika osoa bezalaxe, eskuaira eta kartaboiaz dago ezarrita nor den somaliarra eta nor ez, nahiz eta etnia batekoa edo bestekoa izan, nahiz eta, antza, europarrak agertu baino lehen, etiopiarren neba-arrebak izan.

Somalia italiarra eta Somalia ingelesa existitzen ziren 1960ra arte, Somalia frantsesa ere bai. Zuri aberatsek koloniak eta protektoratuak eta abarrak edukitzeko eskubide sakrosantua izan dute betidanik, seguru asko eurak zirelako marrazketa-luma erabiltzen zekiten bakarrak.

Somalian ez dago zertan lan egin. Zorte ona izanda, behi eta ahuntz gutxi batzuk izaten ditu familia batek eta zorte ona izanez gero, urte batzuetan ez dago lehorterik. Dolar bat baino gutxiagorekin bizi beharra dute bertan eta, hala ere, Somaliak 3.000 milioi dolar zor ditu, kanpo-zorra, jakina. Zuri aberatsei ordaindu beharreko zor hori pasatzen den minutu bakoitzeko handitzen da. Baina herri honek daukan gauza on bakarra edo, hobeto esanda, maldizioa, bere kokapen geografiko-estrategikoa da.

Somalian goseak eta egarriak milaka haur hiltzen dituzte, baina ez urtean edo hilabetean, egunean baizik. Bertan, hildakoen begiak betetzen dituzten euliak daude eta lantzean behin gure telebistetan ere ikusten ditugu. Orduan bihotz oneko andre-gizonei «pobres negritos» esaerak ihes egiten die ezpainetatik. Europar Batasuneko bihotz oneko andre-gizonei giza-laguntzak ere ihes egiten die Somaliara: urteko 20 euro asko jota somaliar bakoitzarentzat; 4.500 euro gehi soldata bidaltzen dute soldadu bakoitzeko.

Somalian haur batek goseari ihes egiten dionean ama poztu egiten da, nahiz eta orduantxe hasten den benetan larritzen. Gosetik aldentzea suertatu bazaio ere, seguru asko gerrak akabatuko duelako. Amak berak gerra baino ez du ezagutu bizitza osoan. Gerra zibilak amaigabeak dira eta jauntxoak perretxikoak adina sortzen direnez, ezinezkoa da une bakoitzean egoera zer-nolakoa den ondo jakitea, ez hemen ez han. Etiopiarekin duten etengabeko gerraz ere ezin ahaztu, AEBak Muqdishoko islamiarren kontra egitea erabaki zutenean ahaztu ez ziren moduan. Edozelan ere, ama haren kezkak ez du luze iraungo, 40 urte bete bezain laster, seme-alabei agur esaten has daitekeelako, berandu baino lehen.

Somaliako gazteei familia erdia hil zaie lehenago edo beranduago. Somaliako gazteek ez dute zertan egin lan, ez dute fabrikarik, ez dute traktorerik, ez dute itsasontzirik, ez dute etxerik handik ihes egin behar izan dutelako. Somaliako gazteek gosea, egarria, premia gorria eta indarkeria baino ez dute ezagutu inguruan. Ez dakite zer esan nahi duten «lege» edo «internazional» berbek, izan ere, irakurtzen eta idazten ere ez dakite. Somaliako gazteek ez dakite zer diren mafiak, ez hangoak ez hemengoak, ezta kontrabandoa zer den ere, eta, egia esan, berdin die. Somaliako gazteek ez dute galtzekorik ezer, bizia ez bada, baina biziak hain prezio merkea du Somalian...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo